Informazio-eskubideari buruzko aurreko erreportajean aztertu genuen bezala, eskubide hori 1978ko Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluan jasota dago, prentsa-askatasunarekin batera.
Informazioa eskuratzeari dagokionez, azpimarratu behar da eskubide horrek informazio publikoa pertsona guztientzat eskuragarri izatea bermatzen duela. Eskubi hori beharrezkoa da agintariek kontuak eman ditzaten, eta ezinbestekoa, beraz, informazio publiko guztia pertsona guztien eskura dagoen gizarte demokratiko eta garden bat erabat garatzeko.
Zer da informazio publikoa?
Informazio publikoa administrazio publikoen, botere legegile eta judizialeko organoen, organo konstituzional edo estatutarioen eta garrantzi publiko bereziko erakundeen esku dauden eduki edo dokumentuen multzoa da, edo baldintza berezia dutelako funts publikoetatik dirua jasotzen duten erakundeen dokumentuak dira, adibidez, garraio-konpainiak edo azpiegitura handiak eraikitzen edo kudeatzen dituzten enpresak.
Gardentasun Legea
Herritarrek informazio publikoa eskuratzeko duten eskubidea eraginkortasunez bermatzeko, Espainiako Gobernuak gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea onartu zuen 2013an. Abiapuntu horrekin, Estatuko zein autonomia-erkidegoetako administrazio publikoek gardentasunerako hainbat tresna eta atari garatu zituzten, herritarrek beren eskubidea gauzatu ahal izan zezaten. Plataforma horien bidez, edozein pertsonak eskura dezake dagoeneko argitaratuta dagoen informazioa, edo informazio zehatza eska daiteke, obra jakin baten aurrekontutik, ingurumen-txostenetatik edo aditu-txostenetatik.
Informazio publikorako sarbidea Euskadin
Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen informazio publikoa online kontsulta daiteke Gardena atariaren bidez -gardentasunerako eta datuak bistaratzeko ataria-, edo informazioa nahi den gai jakin bati buruzko berariazko eskaera eginez, Gobernantza eta Autogobernu Sailaren bidez. Eusko Jaurlaritzaz gain, beste erakunde publiko batzuek ere, hala nola foru-aldundiek edo udalek, online argitaratzen dituzte beren datuak.
Gardena ataritik hainbat datu eskuratu daitezke, hala nola Osakidetzako itxaron-zerrenden egoera, Covid-aren bilakaera EAEn, Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunen eta langileen ordainsariak, edo diru-laguntzetara eta beketara bideratutako dirua, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzak 2020ko urtarriletik abuztura arte jaso dituen eskaera espezifikoei buruzko datuei dagokienez, informazio-eskaera askok aurtengo gaurkotasun sozioekonomikoarekin lotura zuzena dutela ikus daiteke. Adibidez, denbora-tarte horretan (2020ko urtarrila-abuztua) jasotako eskaera guztietatik, gehienak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari dagozkio ( % 32,65), eta horietako asko urte honetan zehar ingurumenaren arloan izandako enpresa eta gertaerekin lotuta daude. Bigarren lekuan Hezkuntza Sailak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak jaso dute informazio-eskaera gehien ( % 15,64).
Informazio publikoa eskuratzeko mugak
Espainiako Konstituzioak informazio publikorako sarbidea bermatzen badu ere, eskubide hori mugatuta dago baldin eta, besteak beste, segurtasun publikoari, jabetza intelektual eta industrialari edo datu pertsonalen babesari eragiten badio. Horrek ez du esan nahi, baloratu ondoren, eta muga horiek gorabehera, informaziorako sarbide partzialik eman ezin denik. Adibidez, txosten ekonomiko bat eman diezagukete, baina inplikatutako pertsonen datu pertsonalak ezabatuta egon daitezke, datu pertsonalak babesteko eskubidea errespetatuz.
Ildo horretan, Espainiako Gobernuaren gardentasun-atarian, adibidez, Ministerioek ukatutako informazio-eskaeren zerrenda ikus daiteke. Jasotako eskaeren datuak ere erakusten dira, baina ez dira gutxi. Zehazki, 2020ko urtarriletik abuztura arte 6.866 informazio-eskaera jaso dira, eta ehuneko handiena Barne Ministerioari ( % 15,77), Garraio Ministerioari ( % 9,53) eta Ogasunari ( % 9,36) zuzendu zaie. Justizia Ministerioak, bere aldetik, 1.785 eskaera jaso ditu, hau da, eskaera guztien % 5,65.
Eskatutako datuetarako sarbidea ukatzeko arrazoiei dagokienez, atarian jasotako ebazpenen arabera, ukatutako kasu gehienetan Gardentasunari buruzko Legearen 14.1 artikulua aipatzen da. Datuak zehatzago aztertuz gero, ondoriozta daiteke ukatutako eskabide asko segurtasun publikoarekin edo justiziarekin lotuta daudela, eta Justiziari dagokionez, berriz, "Zigor-, administrazio- edo diziplina-arloko ez-zilegien prebentzioa, ikerketa eta zehapena" eta "alderdien berdintasuna prozesu judizialetan eta benetako babes judiziala" (14.1 artikuluaren e eta f atalak).
Gardentasun judiziala
Organo judizialetan lantzen diren gaiak herritarrei interesatzen zaizkie, eta Justizia Administrazioak, zerbitzu publiko gisa, gardentasun-printzipioa ere bete behar du. Horregatik, epaiketak publikoak dira eta norbanakoek eta komunikabideek ikustaldietara jo dezakete. Baina, bestalde, batzuetan konplikatua da; izan ere, jarduketa judizialak, epaileak esanbidez isilpekotzat jotakoak izan ezik, publikoak dira, baina, printzipioz, kasuan kasuko prozeduran pertsonatutako alderdiek bakarrik dute jarduketa horien edukiari buruzko informazioa lortzeko eskubidea. Beraz, prozesu judizial zehatzekin lotutako txostenak eskuratu nahi baditugu, informazioa ukatu ahal izango zaigu edo ukatu ahal izango zaigu haren zati baterako sarbidea; izan ere, biktimen intimitaterako edo anonimotasunerako eskubidea urra liteke, edo datu horiek lortzeak prozesuari eragin liezaioke, besteak beste. Izan ere, Espainiako Gobernuak 2020an jasotako informazio-eskaeren artean, horietako asko arrazoi horiengatik ukatu ziren.
Justizia Administrazioari edo prozesu judizialen bati buruzko informazioa jaso nahi baduzu, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren webgunea kontsulta dezakezu, eta gardentasun-ataritik online egin ditzakezu informazio-eskaerak.
- Justizia Administrazioari eta prozesu judizialei buruzko informazio-eskaerari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu BJKNren webgunea .