Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Eskubideak pausoz pauso: adinekoen eskubideak

Argitalpen-data: 

Eskubideak pausoz pauso: adinekoen eskubideak

Giza eskubideak zibilak eta unibertsalak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak dira eta gizaki guztiei dagozkie, baita adineko pertsonei ere, bereziki kalteberak direlako eta gainerakoen laguntza eta zaintza behar izateko aukera gehiago dituztelako. Baina orain arte adinekoen eskubideak ez dira berariaz aintzakotzat hartuak izan Nazio Batuengatik, ez konbentzio ez hitzarmen bidez ere, beste gizatalde batzuekin egin den bezala (haurrak, emakumeak, edo duela gutxi, urritasuna duten pertsonak).

Bestalde, Europako Zuzenbidearen baitan, Europar Batasunaren oinarrizko eskubideen Kartan (leiho berri batean irekitzen da) adinekoen eskubideak jasota daude: bizitza duina eta independentea izateko eta bizitza sozialean zein kulturalean parte hartzeko eskubidea.

Adinekoen elkarteak Euskadin

Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoen lehen elkarteak 1970ean sortu ziren. Hasiera batean helburua espazio propioak sortzea eta bizitza aktiboa bultzatzea zen, baina gizartea aldatzen joan den heinean elkarteak ere aldatu egin dira. Gaur egun 60 eta 90 urte arteko milaka erabiltzaile dituzte elkarteek. Euskadiko elkarteak EuskoFederpen federazioan elkartuta daude. Federazioak, besteak beste, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen elkarteak nazioarte mailan ordezkatzen ditu eta 118.000 bazkidez osatuta dago. Erabiltzaile askok parte hartzen du ekimenetan. Ekimen horiek, Nagusiak -Bizkaiko erabiltzaileen elkartearen hitzetan, elkarteetan parte-hartzea bultzatzera, norbere garapenera eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzera zuzenduta daude.

Txema Odriozola, Euskofederpen-eko presidenteak eskubide arloan orain arte Europan lortutakoa positiboa dela uste du. Gai honi dagokionez, Euskadiko Federazioak europako AGE plataforman parte hartzen du, eta honek, bide beretik, adinekoen eskubideak nazioarte mailan aintzat hartuak izan daitezen kanpaina (leiho berri batean irekitzen da) jarri du abian aurten.

Anti-ageism mobilizazioak

Mundua adin guztietako norbanakoen artean eraiki

Adinekoek nazioarte mailan aintzatespenik ez izateko arrazoiak, Nagusiak elkartearen ustetan, hainbat dira. Hasteko, Giza Eskubideen Adierazpena dago, 1945ean onartu zena: “Adierazpena onartu zenean mundua gerratik atera berri zegoen eta fisikoki, ekonomikoki eta sozialki berreraikitzeko beharra zegoen, eta horretarako gazteak, haurrak eta amatasuna babestu zituzten, etorkizunean langileak egongo zirela bermatuz. Baina ahaztu egin zitzaien, eraikitzeko garrantzitsuena “bizi-baloreak” direla. Une hartan gure parte-hartzea garrantzitsua izan zitekeen, baina ez zen izan. Aldi berria gaizki hasi zen”.

Bestalde, zenbait kultura eta une historiko zehatzetan adinekoak aintzatespena eta errespetua izan dituzten arren, gaur egun egoera guztiz bestelakoa dela azpimarratu dute: “Lan-katetik kanpo gaude, eta badirudi hori dela garrantzia duen bakarra”. Nazioarteko Diru Funtsak ere baztertu egiten dituela salatu nahi dute: “guztiz baztertzen gaitu, adinekoak, ekonomiarentzat arazoa eta mehatxua garela uste dute, luze irauten dugulako bizirik”. Hori dela eta “adinagatik baztertuta eta diskriminatuta” daudela salatu dute: “ez dute adin soziala eta biologikoa bereizten, eta batzuetan ez datoz bat. “Mundua aldatzeko gaitasuna dugu, berezkoak ditugun baloreez baliatuta: sosegua, errespetua, neurritasuna, adorea eta kemena.

Pentsio duinen aldeko mobilizazioa Bilbon

Adinekoen eskubideen aldeko mugimendua Euskadin

Gaur egun Euskadin 65 urtetik gorakoen biztanleen batezbestekoa %22 da (487.000 pertsona) eta kopuru osoaren herena elkarte bateko kide da. Nagusiak elkarteko ordezkarien hitzetan, orain arte Euskadin “adinekoen elkarteak ez dira aldaketa politiko eta sozialaren inguruan jardun, orokorrean adinekoak otzan jokatu dute eta aldaketak eztabaidatu gabe etorri diren bezala onartu dituzte”. Baina euren balioaz jabetuta eta euren alde jardungo den inor ez dagoela jakinda, elkarteetako ordezkariak eskubideen alde lanean jarduteko prest daude, eta aktibismoa gorantza doala azpimarratu dute: “Ez gara esfortzuak bateratzeko behar bezala antolatuta egon. Duela gutxi hasi gara gure duintasuna eta indarra aldarrikatzen, eta lehen aldiz ikusi da zertarako gai garen, zeren adierazgarri garen”.
Elkarteek kezka zerrenda luzea dute, zahartze aktiboa eta kalitatezkoa lortzera bideratutako neurri zehatzak, besteak beste, eta horien artean azpimarratzekoak “ongizate ekonomikoa (pentsio publiko duinak), gizarte zerbitzu osoak eta hori lortzeko aurrekontuak, gizarteak adinekoen buruz duen iritzia aldatzea eta genero-arraila eta eten digitala ezabatzea.

Ezer baino lehen euren bizitzen agintari eta protagonista izan nahi dute. Horretarako, “proposamenak egin eta erabakietan parte hartzea da helburua, batez ere, adinekoei dagozkigun arloetan, hau da, Adinekoen Aholku Batzorde autonomo bat eduki nahi dugu, erakundeetan gure behar espezifikoak aurkezteko aukera emango duena”.

Adinekoak euskal egoitzetan

Pandemiak sisteman akats handiak daudela utzi du agerian

Azken gertakarien inguruan , Txema Odriozola Federpeneko presidentea kritiko ageri da: “gizarte bezala kale egin dugu, adibidez, pertsona guztien eskubideak bermatzeko orduan, adina edo dependentzia maila kontutan hartu gabe”, eta ildo horretatik Covid-19ak eragindako pandemiak “erresidentzietan adinekoei eman zaien tratua hala-moduzkoa izan dela” agerian utzi duela gaineratu du: “adierazgarria da heriotza kopurua handia eta adineko gehienak bakarrik hil direla”.

Zentzu horretan, Nagusiak elkarteko ordezkarien ustetan “adinekoak zaintzeko baliabide gutxi daude eta horri aurrekontuen murrizketa eta ‘externalizazio’ izenarekin estalitako pribatizazioak gehitu zaizkio”, eta guzti hori egoitzetan bizi diren adinekoen osasunarentzat kaltegarria da. “Zalantzak ditugu, ez ote diren langileen ratioak ere behar bezala betetzen” -gehitu dute. Txema Odriozolaren ustez, gertatutako sakonki aztertu behar da: “Zuzendu egin behar da -azpimarratu du-. Pandemia iritsi zenean ez zen erantzun egokia eman, inork ez zuen telefonoa hartzen, ez ziren testak egin…”. Gertatutakoa gaitzetsi eta Madrileko zenbait egoitzetan hilotzak agertu izana ikaragarria dela azpimarratu du. “Egoitzetan ez dute zaintza soilik egin behar, erabiltzaileen osasuna ere beraien ardura da”. Nagusiak elkarteko ordezkariak iritzi horrekin bat datoz “ erakundeetatik bultzatuta neurriak eskasak izan ziren, berandu iritsi ziren eta kontraesanez beteta zeuden. Jokabide orokorra inprobisazioa izan da, eta maila horretako egoera ezezagun baten aurrean ulerkorra da. Baina adituek emandako jarraibideak ez dira osotasunean bete eta osasun arloko neurriak baino egoera presio politikoak bideratu du”.

Esperientzia positiboak abiapuntu bezala hartu behar dira

Hala ere, zenbait ekimenek emaitza onak eman dituztela uste dute, eta etorkizunera begira horiei erreparatu behar zaiela: “Zenbait egoitzak aurrea hartu zuen, ez ziren araudiaren zain egon, zentzuz jokatu zuten eta prebentzio neurriak hasieratik ezarri zituzten. Era horretara egoiliarren artean covid-19ak ez kutsatzea lortu zuten. Adibide hori jarraitu beharko litzateke”.

Euskadiko osasun sistemari dagokionez Txema Odriozolak hasieran Osakidetza sistematik kanpo utzi izanagatik kexu da: “Nire ustez, eredua soziosanitarioa izan behar da eta mediku-zaintza zerbitzu ofizialen esku egon behar da, Euskadiren kasuan, Osakidetzaren esku. Ezin da ulertu, adibidez, krisi egoeran eguneko zentroak itxi izana. Zentro horiek oinarrizkoak dira adineko senideak dituzten familietan, eta horren eraginez, jende asko etxean kutsatu da”. Zentzu horretan legea ere aldatu behar dela uste du, eta gauza batzuk ere ongi egin direla uste du: “Euskadi kutsatu kopuru gutxien izan duten erkidegoen artean dago, itxialdiaren arauak bete dira, eta esan nahi dut, Eusko Jaurlaritzak laguntza handia eman duela”.

Etorkizuneko erronkak

Euskadiko adineko pertsonen elkarteek adierazitakoaren arabera, hortaz, adineko pertsonek gaitasunak eta ahalmenak dituzte eta gizarteari ekarpenak egiten jarraitu nahi dute, herritarrok ditugun arazoen eta konponbideen parte izan nahi dutelako. Eta horren aurrean, euren eskubideak bermatzeko helburuarekin aktiboki lan egin nahi dute. Epe motzera, Txemak Odriozolak uste du pandemiak azaleratutako arazoak konpondu behar direla uste du “egoitzetako zaintza-sistema hobetu behar da: instalazioak aztertu behar dira, langile-taldeak, koronabirusaren azterketa gehiago egin behar dira eta osasun sistemarekin akordioak adostu behar dira. Txertoak ahal den azkarren ekarri eta ahal den neurrian pandemiaren eraso berri bat ekidin behar da. Alegia, gerta daitekeenerako prest egon behar dugu”. Zentzu berean, Nagusiak elkarteak behar larrienak aipatu dituzte “ pobrezia, nahi gabeko bakardadea, egoitzetako eta eguneko zentroetako egoera eta adineko pertsonen zaintza,lehen arretako zaintza eta ospitaleak”. Konponbideen artean, adineko pertsonei zuzendutako politika publikoen diseinuan adineko pertsonen elkarteen parte hartzea proposatu nahi dute, konponbidearen parte izan dutela azpimarratuz.

  • Euskadiko adinekoen elkarteei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Euskofederpen-en web atarira jo ezazu.