Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Eskubideak pausoz pauso: Transexualitatea

Argitalpen-data: 

Eskubideak pausoz pauso: Transexualitatea

1978an Konstituzioa onartu zenetik gauzak nabarmen aldatu dira transexualitateari dagokionez. Atzera begiratuz gero, azken hamarkadetako albisteek argi erakusten dute euskal gizarteak homosexualitateari eta transexualitateari buruz duten jarrera hobetu egin dela: Toleranteagoak eta integratzaileagoak gara, eta azken ikerketen arabera, euskal gizartea irekienetako eta ulerkorrenetako bat da. Hala ere, pertsona transexualen elkarteen ustetan, oraindik badago kolektiboaren eskubideekin lotutako konpondu beharreko hainbat arazo.

Pertsona transexualen eskubideen arloan diharduten bi elkarte daude Euskadin

Euskadiko pertsona transexualen errealitatea gertutik ezagutzeko asmoz, Errespetuz elkarteko –pertsona transexualen babeserako eta integraziorako elkartea- Ares Piñeiro eta Sarai Montes-ekin elkartu gara, baita Bea Sever Naizen, adingabe transexualen familien elkarteko kidearekin ere. Elkarte biek batzar-leku berdina erabiltzen duten arren, bakoitzaren ibilbidea oso ezberdina da: Errespetuz 2007an sortu zen eta pertsona transexualez osatutako Euskadiko elkarte bakarra da. Harro daude egindako lanaz, Espainian mota horretako bost elkarte bakarrik baitaude: Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Kanarietan eta nola ez, Euskadin. Bestalde, Naizen 2015ean sortu zen, eta mota horretako Euskadiko elkarte bakarra da. Hala ere, estatu mailako egoera oso ezberdina da, mota horretako elkarte kopuruak nabarmen egin duelako gora azken urteetan, eta dagoeneko badaude hamarnaka batzuk. Errespetuzen poz handiz hartu dute egoera berria, “adingabe transexualen familiek indarberritu egin gaituzte”.

Errespetuz eta naizen elkarteak

2007. urtera arte ez zen transexualitate arloari buruzko araudirik egon

Pertsona transexualen eskubideen aldeko borroka aspalditik dator eta konplikatua da, Ares Piñeiroren ustez, eta adibide gisa igarotzea egitea erabaki zuenean bere baitan bildu ziren arazo pertsonalak, sozialak, eta elkarteekikoak gogora ekarri ditu: “Gaztea nintzen eta igarotzea egin nahi nuen, baina Euskadin ez zegoen ezer. Estatu espainoleko erreferentzia Unitatea Malagan zegoen eta pertsona transexual guztiak bertara bidaltzen gintuzten, beste lekuetan ez zegoelako ezer”. Bestalde, elkarteek ez zituzten bere beharrak asetzen, “elkarteetan ez zeudelako pertsona transexualak”. Bada, Sarai Montesek gehitu du: “gaur egun oraindik ere LGTBI kolektiboetan –Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual, Intersexual- ez dago pertsona transexualik; transexualak garen pertsonok behar bereziak ditugu eta kolektibo horiek ez dituzte behar horiek asetzen, entzuten gaituzten arren, ez gaituztelako ulertzen”.

Horiek dira Errespetuz sortzeko arrazoi nagusiak; elkartea pertsona transexualez bakarrik osatuta dago eta eskubideen arloan lan egiten du; horri lotuta, ekimen legegileak lantzen dituzte. “Izatez-azpimarratu du Ares Piñeirok – gaur egun dauden ´trans´ legeak elkarte hauetatik atera dira”.

Ttransformando andaluziako elkartea

2007ko Legearekin Espainia aitzindari izan zen Europan

Estatuko lehenengo legea, 3/2007ko martxoaren 15ekoa (leiho berri batean irekitzen da) izan zen, pertsonen sexuari buruzko erregistro- aipamenaren zuzenketa arautzen duena izan zen. Sarai Montesen hitzetan, “Lege horrek pertsona transexualen eskubideen arloan Europako herrialde aurreratuena bilakatu zuen Espainia, ebakuntzarik egin gabe NANen izena eta sexua aldatzea ahalbidetzen duelako”. “Aldaketa handia izan zen, egia da- dio Ares Piñeirok- “baina Legeak ez du norbanakoaren autodeterminazioa onartzen, eta pertsona transexuala zarela onartzeko, txosten psikiatrikoa eraman behar duzu” - argitu du Sarai Montesek. Hori dela eta, Legea motz gelditzen dela eta eskubide guztiak bermatu gabe daudela uste dute pertsona transexualen kolektiboetako kideek. Orduan, erreferentziazko Legea Argentinakoa da “Lege horretan pertsonaren autodeterminazioa onartuta dago; ondorioz, aldaketa eskatzeko ez da txosten psikiatrikorik behar”.

Bestetik, Euskadin indarrean dagoen Legea 4/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa (leiho berri batean irekitzen da)da. Sarai Montesen iritziz, “Lege hau estatuko Legea baino hobea da”, adibidez, Gurutzetako Ospitaleko Genero Unitatea arautzen duelako. “Genero Unitatea 2009an sortu zen, baina Legeak arautu egin zuen, eta gerta daitezkeen Gobernu aldaketen aurrean zerbitzua bermatu zuen”.

Gurutzetako ospitaleko Genero Unitateak (leiho berri batean irekitzen da) Euskadiko pertsona transexual guztiei osasun arloko arreta eskaintzen die –baldin eta mediku-tratamendua nahi badute-.Izan ere, pertsona transexualek hainbat behar ezberdin dituzte, eta hainbeste konponbide behar dituzte. “Lege horren aurretik- dio Ares Piñeirok- Eusko Jaurlaritzaren prozedura bestelakoa zen: zure kontura ebakuntza egin behar zenuen, eta gero fakturak aurkeztu. Zure diru sarreren arabera, ebakuntzan gastatutako diru guztia edo zati bat itzultzen zizuten. Euskadin Genero Unitatea egon zedin elkartetik indar handia egin genuen, gose greba egitera ere iritsi ginen”.

Nerea eta Nahiane

Nafarroako Legea eta Transbide, Naizen elkartearentzat erreferentzia dira

Errespetuz-etik egungo legea hobetzeko lege proposamen berria lantzen ari diren bitartean, Bea Severrek, Naizen elkartearen ordezkari bezala, gaur egun estatu mailan Lege aurrerakoiena 2017ko Nafarroako Foru-Legea dela argitu digu. “2012ko transexualitateari buruzko Euskadiko Legea bere garaian aitzindari izan zen, baina zaharkitua dago, Legearen objektua transexualitatea txosten psikiatriko bidez egiaztatzen duten pertsonak direlako, alegia, transexualitatea patologia bat balitz bezala tratatzen du. Aitzitik, elkarteok uste dugu Legeak norbanakoaren autodeterminazioa onartu behar duela”.

Naizenek eskarmentu handia du nerabeekin, eta horietako askok Euskaditik kanpo jo dutela ikusi dute. “Nerabeek, Genero Unitatera iristen direnean, euren buruak ikuskatzen dituztela sentitzen dute, patologia bat balute bezala tratatzen dituztelako. Psikiatrak onespena ematen ez badu, tratamendua ukatzen diete”. “Beste aldean Nafarroako eredua dago –dio Bea Severrek-han, Transbideren (leiho berri batean irekitzen da)bitartez, eskaera ase, besterik ez dute egiten. Ez dute erabiltzailearen erabakia zalantzan jartzen”.

Erregistro Zibilean izena aldatzea

Pertsona transexualen beste eskaera bat Erregistro Zibilean izen- eta sexu-aldaketa gauzatzea da, dokumentu ofizial guztiek (NAN, pasaportea, e.a.) Erregistroko dokumentuak abiapuntu baitituzte. Adingabeen arloan, Bea Severrek ustez, Euskadin zortea daukagu: “Eusko Jaurlaritzak dekretua agindu zuen, Erregistroan izena aldatu ez dutenek tarteko dokumentazioan izena aldatzeko. Horrek esan nahi du, Euskadik eskumena duen arlo guztietan izena aldatu dezakezula. Adingabeentzat oso ongi dago, izena aldatu dezakezulako liburutegian, polikiroldegian, eskola-kirolean, ikastetxean. Eta hori, oso garrantzitsua da”.

Baina behin gehiago, arazoak nerabezaroarekin batera iritsiko dira, dokumentu ofizialek aldatu gabe jarraitzen dutelako: “DBH amaitzerakoan oraindik adingabeak dira, eta orduan Madriletik titulua iritsiko da, eta titulua aurreko izenarekin dator. Beste adibide bat ikasketa bidaia da, baldin eta pasaportea eraman behar badute, lehenagoko izena agertuko baita. Arlo horretan, Erregistroko Legea dago, 2007koa. Lege horren aldaketa 2017ko apirilaren 30ean bozkatu zen, onartu zen, eta orain geldituta dago”.

Sexu aldaketa

Euskadiko egoera sozial eta instituzionala estatukoa baino hobea da

Errespetuzek eta Naizek begi onez ikusten dituzte pertsona transexualen eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera, baina aurrera begira ezinbestekoak diren aldaketak egiteko lanean jarraitu behar dutela uste dute.

Ares Piñeirok dio, “sozialki eta erakunde ofizialen arloan Euskadin eta Espainiaren artean dagoen aldea handia da; gainerako elkarteetatik esaten digute gure egoera hobea dela, Gobernuarekin harreman zuzena daukagulako”. Sarai Montesek, ikastetxe batean prestakuntza ikastaro bat eman berri dutela argitu digu , “eta iaz Ertzaintzan transexualitate arloko prestakuntza ikastaroa eman genuen”. Prestakuntza ikastaroa Era Berean –Eusko Jaurlaritzaren berdintasun sarea- eta Ertzaintzaren artean adostu genuen”. Hainbat hilabetez eman zuten prestakuntza, eta emakume transexual batek jarritako salaketa izan zuen abiapuntu, emakumeak uste zuelako ertzainek desegoki tratatu zutela. Errespetuzeko kideak “oso gustura” daude ikastaroak izan duen emaitzarekin. Izan ere, trebakuntzaren ondoren hainbat ertzain ikastetxeetara joan da, integrazio arazoak egon direnean, gaiari buruzko hitzaldiak ematera.

Pertsona transexualen elkarteen oihartzuna handitu da

Adingabe transexualen familien elkarteen sorrerak gauzak asko aldatu ditu, laguntza handia izan da, eta pertsona transexualen kolektiboak oihartzun handiagoa du. Naizeneko Bea Severrek emandako datuen arabera, adingabe transexualen elkartean gaur egun 110 familia daude, eta bere aurreikuspenen arabera, kopuruak gora egingo du: “Genero Unitatean sartu zen lehenengo adingabeen kasua Nahianerena izan zen, 2013an, eta lehenengo tratamendua 2015ean izan zen, Leorena. Genero Unitatean, orain arte 65 kasu egon dira, eta horietatik 57 azken urtean izan dira. Horrek, eztanda orain ematen ari dela esan nahi du”.

Hala ere, “normalizazio osoa lortzeko bide luzea dago oraindik”, Bea Severren ustez. Nerabeek whassap talde bat dute, eta bertan 60 neska-mutiko daude. Horietako asko ez daude elkartean. Horietako batzuen kasuan, familiak ez ditu onartzen. Berdinen artean errespetatuak eta maitatuak sentitzen dira, baina etxekoa beste kontua bat da; eta 16 urterekin ezin duzu gurasoen baimen gabe ezer egin. Hortaz, 18 urte bete arte itxaron behar dute. Gauzak horrela, emantzipazioa aukera bat izan daiteke, baina adin horrekin nondik aterako duzu bizimodua? Zertan arituko zara?

Yerik parkour zalea

Hainbat eskubide bermatzeko daude oraindik

Gaur egun elkarte biek pertsona transexual guztien eskubideak bermatuko dituen lege berri bat garatzen ari dira, aurrekoa ordezkatzeko. Ares Piñeirok argi dauka eskubideen arloan adi egon beharra dagoela beti “halako batean etor daiteke orain AEBn duten presidentea bezalako bat, edo Andaluziatik datorrenari begira jartzen bagara… kontu handiz ibili behar dugu, orain ditugun eskubide guztiak, eta horiek lortzeko behar izan ditugun urteak, egun batetik bestera zaborretara joan daitezke ”. Sarai Montesek AEBetan gertatutakoa azaldu du: “Han pertsona transexualei egun batetik bestera NANa kendu diete; orain, dokumentu ofizialetako sexua zehazteko odol analisia egin eta kromosomek diotenaren arabera sexua zehazten dute”. “Horregatik –amaitu du Ares Piñeirok – jendearekin nagoenean hurrengoa esaten diet: “eskubide asko lortu ditugu,eta zorionez une honetan gazteek ez dute guk pasatu behar izan genuena pasatu behar; baina inork ez daki zer etor daitekeen”.

  • Helduen transexualitateari buruzko informazio gehiago eskuratu dezakezu Errespetuz-en web atarian.
  • Adingabe transexualei buruzko informazio gehiago eskuratu dezakezu Naizen-en web atarian.