40 urteko diktadura eta Francoren heriotzaren ostean, 1977ko uztailean Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak deitu ziren. Urte bat geroago, 1978ko abenduaren 6an, Espainiako herritarrek Konstituzioa bozkatu zuten; horren bitartez, Europako zuzenbide-estatuaren ereduari jarraituz, demokrazia eta monarkia konstituzionala ezarri ziren eta Autonomia Erkidegoen banaketa aurreikusi zen.
Data horretatik aurrera, Konstituzioak zuzenbide-estatua ezarri zuen, eta aldi berean, herritarren eskubide eta betebeharrak zehaztu ziren, besteak beste, bizitzeko eskubidea, bozkatzeko eskubidea, hautatua izateko eskubidea eta sexu-askatasuna. Harrezkero eta 40 urtetan zehar, eskubide horiek bermatu eta/edo arautu dituzten hainbat Lege garatu dira.
Greba egiteko eskubidea 1864. urtean onartu zen historian lehen aldiz Ingalaterran; hala ere, Europako konstituzionalismoaren baitan, ez zen bigarren mundu gerraren amaierara arte onartu (1946, Frantziako konstituzioa). Ondoren, 1948ko Giza Eskubideen Nazioarteko Aitorpenean, oinarrizko eskubidetzat jaso zen. Aldaketak, baina, berandu iritsi ziren Espainiara, eta Frankismoak iraun zuen 40 urte luzeetan greba egitea delitu larria izan zen, 1978ko Konstituzioan oinarrizko eskubidetzat onartu zen arte.
Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko salaren presidentea da, eta Lan–arloko Zuzenbidearen irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean. 1977 eta 1982 urteen artean Zuzenbidea ikasten ari zen Donostiako fakultatean, eta ongi gogoratzen ditu orduko langileen mugimenduak, mobilizazioak eta grebak, bai eta horien aurka Estatuak erabili zuen indarkeria bortitza ere.
Diktadura garaian greba erregimenaren aurkako tresna gisa erabili zen
Diktaduraren amaierako urteetan greba asko egon ziren, Tolosaldean, Goierrin, edo Bizkaiko ezkerraldean, besteak beste; garai hartan egin zen 163 egun iraun zituen Etxebarriko Banden laminazioen greba, estatu osoan oihartzun handia izan zuena (gai horren inguruko dokumentala ikus daiteke eitb-ko web atarian), edo 3.500 langile kalera atera zituen Michelingo langileen greba (1972).
Garbiñe Biurrunek ikasle garaian ezagutu zituen Frankismoaren azken urteak eta horren osteko aldaketa garaiak; orduan, grebek eta langile mugimenduak zuten presentzia oso handia zela gogoratzen du: “Jendeak kalean adierazten zuen erregimenaren aurkako jarrera, eta horrekin lotuta, rol banaketa bat zegoen, batetik borroka politikoa zegoen eta bestetik langileena; baina azkenean, helburu berdina zuten biek. Orduko terminologian ´Huelga general revolucionaria’ deitzen zitzaion, alegia, greba orokorra ez zen bakarrik langileen eskubide zehatzak edo baldintza zehatzak defendatzeko, baizik eta iraultza egiteko”.
Hortaz, greba egitea delitu larria izan arren, gizarteak erregimenari aurre egiteko erabiltzen zuen. Erregimenaren erantzuna, berriz, “Poliziala, guztiz errepresiboa” zen, Garbiñeren hitzetan-. Horren adibide argiak dira, adibidez, Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertaerak. Egun hartan, Gasteizko San Frantzisko elizan batzartuta zeuden ikasle eta langileen aurka oldartu zen polizia, eta 5 langile tiroz hil zituen.
Langile mugimendua eta sindikatuak klandestinitatean
Egoera hartan, langileek eta gizarte mugimenduek klandestinitatean antolatzeko moduak bilatu zituzten. Orduko egoera zein zen ulertzeko, Garbiñek testuingurua analizatu behar dela azpimarratzen du; izan ere, ezin ulertu daitezke gaur egungo eskubideak, jatorria zein den jakin gabe: “Frankismoak askatasun sindikala eta greba egiteko eskubidea ezabatu zituen, ideia zen ez zegoela langileen eta enpresa buruen arteko gatazkarik. Interesa bakarra zen: `España una unidad de destino universal´ zen, eta lan arloan ere, antzerako zerbait zen: `una unidad de destino´. Sinple esanda, definizioz, ez zen gatazkarik existitzen”. Eta egoera horretan, 1950. hamarkadaren ingurua iritsi zen, eta Espainia Nazio Batuen Erakundean (NBE) sartu zen: “Frankismoa oso luzea izan zen eta ez zen uniformea izan, hamarkada hartan NBEn sartu zen, eta EEBBkin harremanak hasi ziren; horren eraginez, erregimenak bere irudia ‘leundu’ nahi izan zuen” –aipatzen du Garbiñek, orduko langile mugimenduaren egoera zein zen azalduz- “eta ‘itxura’ egiteko, Sindikatu Bertikala eratu zuen”. Sindikatu Bertikala izendatutako erakunde hartan, Frankismoak langileak eta enpresa buruak bildu zituen arloka, baina erakundearen gaineko kontrola erabatekoa zen. Langileak sindikatu bakar hartan derrigor sindikatu behar ziren, gainerako sindikatu guztiak (CNT, UGT, ELA…) debekatuta zeuden bitartean.
Hala ere, nahiz eta guztiz mugatu eta kontrolatua egon. Garbiñek ondo gogoan du garai hartan langile mugimenduetan jarduten zuten lagunek kontatutakoa: “Oso bitxia izan zen gertatu zena, Sindikatu bertikalaren baitan, Langileen Batzordeak -alegia, Comisiones Obreras- hasi zen antolatzen. Bertan zeuden langileen artean guztiek ez zuten erregimenarekin bat egiten, hortaz, aprobetxatu egin zituzten sindikatu bertikalaren egiturak euren artean antolatzeko”.
Greba eskubidearen onarpena eta sindikatuen legeztapena
Frankismoaren amaierarekin aro berritzaile bati ekin zitzaion, eta 1977. urtean- Lan harremanetarako Lege Dekretua onartua zuen gobernuak. Dekretu horren bitartez greba egiteko eskubidea onartutzat eman zen eta oinarrizko araudi bat onartu zen: nola egin behar da greba, zein aurre-abisu eman behar da, zein greba dago debekatuta, zein greba dira abusuzkoak, eta abar. Ondoren, 1978. urtean, greba eskubidea herritarren oinarrizko eskubide bezala ezarri zen Konstituzioan. 1980an Langileen estatutua onartu zen – langileek eta enpresek dituzten eskubide, askatasun eta betebehar guztiak garatzen eta zehazten dira estatutuan-, eta 1985ean sindikatzeko eskubidea onartu zen.
Aro berrian sindikatuen gorakada handia eman zen
Sindikatuei klandestinitatetik ateratzeak hazkunde izugarria eragin zien, Garbiñeren hitzetan. “Jendeak sinistu zuenean benetan posible zela inolako errepresiorik gabe aritzea, hazkunde izugarria eman zen. Arlo politikoan eta lan arloan zegoen bizitasun hura, dena batera izan zen. Klandestinitatean egon ziren alderdi guztiak indartu ziren, guztiak erregimenaren aurkakoak zirelako”.
Harrezkero aldaketa handiak egon dira, eta lan harremanak ere aldatu dira. Langileen eta enpresarien arteko auziak epaitzeko, 1989an Lan arloko Salak sortu ziren. Garbiñek, arlo horretan jardunean daramatzan urteetan, ez du epaitegietara iristen diren auzi motetan aldaketa nabarmenik ikusten.
“Hasierako garai haietan akats asko zeuden langileen kontratuetan, gauzak ez ziren legalki ongi egiten, eta mota horretako auzi asko iristen ziren, kontratuetan akatsa zegoela eta kontratua mugagabea bihurtzeko eskatzen zuten. Renferekin lotuta, adibidez, auzi piloa egon ziren. Gero, 88an osasun publikoaren eskumenaren transferentzia gauzatu zenean, Osakidetzarekin lotutako auzi piloa ere eduki genituen, kontratuak gaizki egiten zirelako. Orain ez dira mota horretako auziak iristen; Osakidetzarekin lotutako azken auziak zehatzagoak izan dira,adibidez, Europatik etorri zen epaia, bertan esaten da nahiz eta bitarteko langile kontratua izan, kontratua amaitzerakoan urteko 20 egun ordaindu behar direla. Mota horretako auzi asko izan ditugu, baina gai hortaz zuzenki. Gaur egun apenas dago kontratuak mugagabe jotzeko auzirik”.
Legeak aldatzen direnean, langileekin lotutako auziak iristen hasten dira
Lege berri bat indarrean sartzen denean, Legea berria denez, interpretatzeko denbora behar da, eta Garbiñek oso argi dauka une horretan hasten direla auzi berriak iristen. ”Adibidez, alarguntasun pentsioa eman zitzaienean izatezko bikoteei, hori asko interpretatu behar da: zer da elkarrekin bizitzea, nola interpretatu behar da… erretiro partziala eta errelebo kontratuak agertu zirenean ere, horrek auzi pilo bat eragin zituen. Beste adibide bat, 2012ko lan erreforma da: kaleratze kolektiboak, eta nola kendu zen aurreko espediente administratiboa eta administrazioaren baimena, auzi guztiak zuzenean jurisdikziora zetozen lan arlora. Ordura arte administrazioarekiko auzien arlora joaten ziren auzi horiek, orduz geroztik lan arlora datoz. Gainera, berritu zen legea, baldintzak eta dena, eta hor interpretatu egin behar izan zen.
Diktadura osteko urte luzeen ostean, argi dago greba egiteak zuen konnotazio iraultzailea atzean gelditu dela; horren harira, Garbiñek, “espezializazio” antzeko bat eman dela aipatzen du, eta orain langile mugimendua batez ere lan arlora mugatzen dela uste du “nahiz eta sindikatu batzuk beste batzuk baino gehiago oraindik ere helburu politikoak ere badituzten”.
Azken urteotan, greba egiteak zuen izaera iraultzailea sindikatuetatik beste gizarte mugimendu batzuetara lekualdatu dela dirudi, adibidez, 2018. urtean mundu osoan deitu zen emakumeen aldeko grebari erreparatzen badiogu. Inoiz, inon egin den greba orokor jendetsuena izan zen, mundu mailan jarraipen handia izan zuen, eta dagoeneko hainbat aldaketa eragin dituela ikus daiteke. Historiak erakusten digunaren arabera, Legea gizarte mugimenduen atzetik joan ohi baita.
- Eskubideei buruzko informazio gehiago nahi baduzu,botoa emateko eskubideari buruzko aurreko erreportajea irakurri dezakezu