Gaur egun, duela zenbait hamarkada imajinatu ere ezin zitezkeen familia ereduak daude Euskadin; orain, izatezko bikoteak, guraso bakarreko familiak edo sexu bereko bikoteak dauden bezala, lehen bi aukera soilik zeuden: heterosexualen artean ezkondu ala ezkongabe izan.
Zentzu horretan, bai gizartearen zein arau juridikoen arabera, ezkontza banaezina zen; hots, harremana txarra bazen edo etenda bazegoen ere, legez banantzea oso zaila zen gizartearen gehiengoarentzat. Frankismoaren amaiera aldera, Konstituzioak senar-emazteen arteko berdintasun juridikoa ezarri zuen, eta hori abiapuntutzat hartuta, legeak egoera berrira egokitzen hasi ziren. Hala ere, Dibortzioaren Legea ez zen 1981. urtera arte indarrean jarri. Lege horrek, 49 urteren ostean, ezkontzaren desegitea legeztatu zuen berriz ere.
Mertxe Agundez, abokatua, arartekoa eta parlamentarioa izan da, etaabokatu lanean ziharduen dibortzioa legeztatu zen hamarkadan; horrenbestez, 70. hamarkadako aldaketa politiko eta sozialak gertutik bizi izan zituen. Bere ikuspegiaren arabera, Zuzenbide ikasle zeneko garai hartan, askatasun aldarriek eta legearen egoerak talka egiten zuten. “Europatik askatasun haizea zetorren eta 68ko maiatzaren eragina oso handia izan zen gugan”, dio. Izan ere, arlo sozial eta politikoan era guztietako aldaketak gertatzen ari ziren, nahiz eta bere iritziz, gauzak ez ziren batere errazak izan; egoera korapilatsua zen, eta gizartea aldaketa prozesuan bazegoen ere, askatasun gabeziak aurrera egitea galarazten zuen: “legeak aldatu nahi genituen, baina gero nabarmen ikusi genuen, legea aldatzea sarritan ez dela nahikoa izaten gizartearen ohitura eta joerak aldatzeko”.
Emakumeak adingabeak ziren
Dibortzioari dagokionez, Mertxe Agundezen hitzetan, “Zuzenbidea ikasi nuenean, 60. hamarkadaren amaiera eta 70.aren hasiera zen. Orduan dibortzioa debekatuta egoteaz gain, emakumeak legearen aurrean adingabeak ziren”. Emakumeek 70. hamarkadara arte bizi izan zuten egoerari buruz ari da: indarrean zegoen Kode Zibila 1889koa zen eta ehun urte inguru zituen, eta Kode horrek emakumeak etxe barrura zokoratzen zituen, hau da, kode hartan euren betebeharra etxeko lanak eta seme alabak zaintzea zela zehazten zen. Hala ere, betebeharra emakumeei egotzi arren, erabakiak hartzeko ardura senarrarena zen. Bera zen guraso ahalaren eta ondasunen jabea. “Ezkonduta zeuden emakumeek –dio Agundezek- senarraren aginduak bete behar zituzten. Senarra zen ematearen legezko ordezkaria eta administratzailea, ez bakarrik irabazitakoen ondasunena, baizik eta baita emaztearen ondasun guztiena ere”. Senarraren baimenik gabe, emazteek ezin zuten, adibidez, euren kabuz epaiketa batean parte hartu, edo ondasunak erosi. Egoera honek 1975. urtera arte iraun zuen. Urte horretan, senarraren lizentzia indargabetu utzi zen.
Horrez gain, emakumeengan kontrol sozial zorrotza zegoen, eta egoera horren eredu, adulterio delitua zen: adulterio delitua emakume ezkonduei zegokien, eta ezkontzaz kanpoko harremanak izatearren zigortzen zituen, harremana esporadikoa izanda ere. Antzerako kasuetatarako, aldiz, gizonak “ezkondu gabe bizitzearren” (amancebamiento gaztelaniaz) bakarrik epaitzen zituzten; kasu horietan, zigorra jasotzeko, behin baino gehiagotan egitea eta nabarmena izatea egiaztatu behar ziren. Delitu horiek indarrean egon ziren 1978ra arte.
Gainera, emakumeen patua ezkontza zen
1889. urteko kode zibila indarrean zegoen, eta gizartea Frankoren diktaduraren menpe bizi zen; diktadurak, berriz, Aita Santuaren eta Vaticanoko kide kontserbadoreen babesa zuen. Horren guztiaren ondorioz, emakumeak aitaren tutoretzatik senarraren menpera pasatzen ziren. Mertxe Agundezen hitzetan, “belaunaldi hartako emakumeek bi aukera bakarrik zituzten: ezkondu edo lekaime sartu. Etxetik kanpo ordainduta lan egiten bazuten ere, ohikoena lana uztea eta familiaren ardura hartzea zen. Hala ere, 70. hamarkadan bazeuden loturarik gabe bizi nahi zuten ezkondu gabeko bikoteak”.
Dibortzioa Europara baino askoz beranduago iritsi zen
Konstituzioak eragin zituen aldaketa sozialak, batetik, eta Europara gerturatzeko beharrak, bestetik, dibortzioa arautzea ekarri zuen. Gizartearen gehiengoarentzat, eskubide demokratikoa zen eta lehenagotik araututa egon behar zuen. Izan ere, Espainia dibortzioa legeztatu zuen Europako azkenengo herrialdeetako bat zen, eta lorpena ez zen batere erraza izan. Berez, hiru urte behar izan ziren 1981ean dibortzioa onartzeko. “Arrazoietako bat harreman pertsonalak eta familiakoak eremu pribatuari zegozkiola izan daiteke –dio Mertxe Agundezek-; hau da, arlo politiko eta sozialean beste lehentasun batzuk zeuden. 1980. urtera arte, ezkontza-banaketak eliza-auzitegien esku egon ziren –elizak erabakitzen zuen zein bikote banandu zitekeen eta zein ez-. Espainiako Konstituzioak, Estatuaren akonfesionaltasuna aldarrikatzen bazuen ere, elizako hierarkiak bere irizpidea gizarteari ezartzen jarraitu nahi zion. Agundez oso kritiko ageri da gai horren inguruan, eta ironiaz dio, “dibortzioa onartzen ez zuen eliza-hierarkia berak, gizartearen zenbait sektoreri ezkontza baliogabetzeko aukera ematen zion, beti ere, dirutza ordainduta”. Ondorioz, egoera erabat ezberdina zen dibortziatu nahi zuten bikoteentzat, baldin eta jatorri soziala edo erosteko ahalmena bata ala bestea izan.
Lorpen zaila izan zen
Dibortzioa legeztatzeko hiru urte behar izan ziren, eta denbora tarte horretan sektore kontserbadoreek dibortzioaren kontra egin zuten lehenengo, eta ondoren, legeztatu arren, dibortziatzeko baldintza zorrotzak ezartzeko eskatu zituzten.
Bestalde, euskal gizarteko arlo ezberdinetako hainbat ordezkarik sinatutako “Dibortzioaren Lege aurrerakoi baten alde” manifestuan irakur daitekeenez, gizarteak orokorrean lege aurrerakoia nahi zuen. Manifestua sindikatuek, alderdi politikoek, talde feministek eta oinarrizko elkarte kristauek sinatu zuten, eta Dibortzioaren Lege aurrerakoi baten aldeko 5 puntu betetzea eskatzen zen: adostasunezko dibortzioa, ezkontideen erruduntasunaren erabateko desagerpena, epaileari dibortzioa emateko duen boterea kentzea, prozedura labur eta ekonomikoa, eta estatuak pentsioak puntualki kobratuko direla bermatzeko neurriak ezartzea.
Aldaketa handiena, emakumeena
1981eko ekainaren 22an Diputatuen Kongresuaren Osokoak dibortzioaren legea onartu zuen. Legea polemikoa izan zen eta azkenean erdibidean gelditu zen, beste gauza batzuen artean, UCDk –gobernuan zegoen partiduak- epaileei dibortzioa atzeratzeko edo ukatzeko eskuin emango zien klausula sartu nahi izan zuelako. Hala ere, alderdi bereko zenbait kidek diziplinari uko egin zioten, eta Kongresuaren Osokoan klausula hori atzera bota zen.
Hala ere, 1981eko dibortzioaren legeak adostasunezko dibortzioa legeztatu zuen arren, epeak luzatu zituen, dibortzioa lortzeko lehenengo banantzea eskatu behar zelako; Mertxe Agundezek, aldaketa handiena emakumeengan eman zela gogoratzen du, “emakumeen jarrera asko aldatu zen, euren eskubideak aldarrikatzen hasi zirelako.
Asko, bulegoetara etortzen ziren, bakarrik edo lagunekin, informazioa eskatzera. Askatasuna nahi zuten, eta kasu askotan, seme alabak babestu nahi zituzten”. Zuzenean dibortziatzea ezinezkoa zenez, lehenengo urteetan batez ere banantzeak egon ziren. Horrez gain, emakumeak ekonomikoki mendekoak izan zirenez –inoiz ez zuten etxetik kanpo lan egin edo ezkontzerakoan lana utzi zuten- banatzerakoan, gehienek lan eskasak hartu zituzten.
2005eko Legea
2005ean, azkenean, dibortzioaren legea aldatu zen, epeak laburtu ziren eta izapideak azkartu. 15/2005 Legea, uztailaren 8koa, banantze- eta dibortzio-gaietan Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldaraztekoa, “dibortzio azkarraren lege” gisa ezaguna da. Lege horren bitartez, banantzeko izapidea ezabatu zen (hautazko aukera bezala utzi da), ezkondu eta gutxienez urtebete pasatu arte dibortziatzeko aukera ukatzen zuen pasartea ezabatu zen. Gaur egun, dibortzio eskaera aurkeztearekin nahikoa da (ezkondu eta hiru hilabetera eska daiteke), eta alde batek behin-behineko neurriak proposatu ditzake, eta besteak hauek guztiak onartu edo bestelakoak proposatu ditzake.
EEIk (Espainiako Estatistitika Institutu) argitaratutako datuen arabera, azken 30 urteetan Espainian egon diren dibortzioen erdia, 2005eko lege erreformaren ostean gertatu dira. 2017an, zehazki, 97.960 dibortzio egon ziren Espainian, eta ezkontzen iraupena, batez beste, 16,6 urtetakoa da.
Datu hauek guztiak azken 30 urteetan gizartean eman den aldaketa erakusten dute, eta Mertxe Agundezek dioen bezala, “legeak, gizartearen arazoei erantzuna emateko aldatzen dira. Batzuetan errealitate berriei erantzuna emateko aldatzen dira. Bestetan, lehendik existitzen zen errealitate bati erantzuna ematekoa aldatzen dira. Hau da, askatasun ezak ezkutuan gordetzen zituen beharrak dira; gauza berdina gertatu da sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatzeko beharrarekin”.