Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Bitartekaritzako profesionalak Bilbon batzartu dira EAEko esperientzia aztertzeko

Argitalpen-data: 

Bitartekaritzako profesionalak Bilbon batzartu dira EAEko esperientzia aztertzeko

Martxoaren 17an egin dute, Deustuko Unibertsitatean, “Bitartekotza, errealitatea” II. jardunaldia. Batzarra Adosten Elkarteak antolatu du eta EAEko bitartekaritzaren esperientzia ikertzea izan du helburu. Besteak beste, epaile, abokatu, Eusko Jaurlaritzako ordezkari eta Kantabria, Asturias, Galizia eta Albaceteko bitarterkaritza arloko adituek parte hartu dute.

Deustuko Zuzenbide Fakultateko dekano Gema Tomásek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuorde Miren Gallastegik eman diote hasiera ekitaldiari. Gema Tomasen hitzetan, ikasleek geroz eta gehiago eskatzen dute bitartekaritzarekin lotutako trebakuntza. Miren Gallastegi Sailburuak, berriz, “zenbakiak kontutan hartuta, egin duten lana guztiz eraginkorra izan delako” Eusko Jaurlaritzako Bitartekaritza Zerbitzuaren lana goraipatu du. Bide horretatik, Eusko Jaurlaritzaren helburua Justizia Konponarazlea Zigortzailearen osagarri gisa bultzatzea eta Justizia Administrazioak kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea dela gaineratu du.

Jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, EAEko Fiskaltza Nagusiko kide Juan Calparsorok, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko magistratu Ana María Carrascosak eta Donostiako Adingabeen Magistratu Maria Jose Ruak hitz egin dute.

Adosten elkartea antolatu

“Bitartekaritzaren oinarria elkarrizketa da”

EAEANren presidenteak epaileek epaitegi barruko bitartekaritzaren alde egiteko dituzten arrazoiak azaldu du. Ibarraren ustez teknika horrek “hobetu eta justuago epaitzeko bidea ematen du”. Juan Calparsorok, bestalde, “bitartekaritzaren oinarria elkarrizketa dela” azpimarratu du. BJKNren Magistratu Ana Maria Carrascosa ere adierazpen horrekin bat etorri da eta bitartekaritzak, hitz egitea oinarri duenez, ”Justizia gizatiartu egiten duela” gaineratu du.

Adituen amaierako hitzaldiak

Hitzaldien azken txanpan Eusko Jaurlaritzako Familia barruko Bitartekaritza Zerbitzuko abokatu eta bitartekari Cristina Merinok, Gizagune Fundazioko psikologo Yolanda Muñozek, Langraiz Okako Espetxeko bitartekari Carlos Romerak, eta Eusko Jaurlaritzako Epaitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzuko bitartekari Gerardo Villar eta Elena Fernandez Markaidak parte hartu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Bitartekaritza Zerbitzuak

Justizia Leheneratzailea erdiesteko tresna egokiena bitartekaritza da. Eusko Jaurlaritza aitzindari izan zen Estatuan bitartekaritza zerbitzuak ezartzen. Gaur-gaurkoz, doako bitartekaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei hainbat arlotan. Hauek dira azpimarragarrienak:

  • Familia: Familia Bitartekaritzarako 1/2008 Legeak, otsailaren 8koak, araututakoa. Aditu inpartzialek laguntza ematen diete aldeei, familia-gatazketan adiskidetasunezko konponbideak elkarrekin erdietsi ditzaten.
  • Kontsumoa: Eusko Jaurlaritzako Kontsumobide (leiho berri batean irekitzen da)erakunde autonomoak egiten ditu bitartekari-lanak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eta horiek eskuratu dituzten zerbitzuen eta produktuen hornitzaileen artean.
  • Hipoteka: Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Euskadiko Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuaren Euskadiko taldeko profesionalen bitartez eskaintzen dena. Helburua hipoteka gauzatze-kasuak saihestea da. Horretarako, eskatzaileen eta finantza-erakundeen artean bitartekari aritzen dira, zorra berriz negoziatzeko.
  • Gazte Justizia: legea hautsi dutelako atxilotutako adingabeen kasuan abiarazten den zerbitzu bat da. Helburua da adingabeak berak eragin dituen kalteak aitortzea eta biktimarekin konpondu ahal izatea. Halako bitartekaritzari esker, adingabeak kontzientzia hartzen du eta hura berriz gizarteratzea sustatzen da; halaber, hark arauak berriz haustea eta zigor askatasun-kentzaileak saihesten dira.
  • Helduen justizia: Bitartekaritza Zerbitzu Judiziala, 2007an sortu zenetik izan duen hazkundea dela medio, Euskadin Estatuan beste inon baino garatuago dago: Estatuan bitartekaritzaren formularen bidez konpondutako 10 kasutik 6 Euskadikoak dira. Zigor-arloko jurisdikzioan eta zibil-familiarrean (banantzeak, dibortzioak, zaintza, gatazkak ardurapeko seme-alabekin, etab.) eskaintzen da zerbitzu hori.