Bake-epaitegien elkarketak biztanle kopuru txikia duten herriz osatuta daude, eta hirietako Erregistro Zibilekin alderatuz gero, oso ezberdinak dira. EAEko hiru lurraldeetan elkarketa ezberdinak daude eta bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu; esate baterako, batzuetan bi herri eta beste batzuetan zortzi herri daude elkartuta (Berriz eta Salvatierra-Agurain, hurrenez hurren). Hori dela eta, lantalde berdinak asteko egun bakoitzean leku ezberdin batean egiten du lan. Lantalde hori EAEko Justizia Administrazioaren kidegoetako langileek osatzen dute (Kudeaketa, Izapidetza, Laguntza Judiziala…), izan ere, Bake-epaile lanpostua beste mota batekoa da, udalari dagokio, eta ondorioz, funtzio zehatzak ditu, ez da lekuz aldatzen, eta ordutegia ez da Bake-epaitegiko langileen berdina.
Elkarketak, neurri batean, ezezagunak dira beraiekin lan egin ez dutenentzat. Arrazoi horregatik horietako batera joan gara, eguneroko jarduna zertan datzan ikusi eta hirietako Erregistro Zibilekin zer nolako aldea duten jakiteko. Zestoako lantaldeak besoak zabalik hartu gaitu eta bulegoan sartzera gonbidatu gaitu. Bertan, Bake-epaitegi “ibiltarian” gertatzen dena ikusteko eta entzuteko aukera izan dugu.
Zestoa-Aia-Getaria: 8.553 biztanleko Elkarketa
Zestoako Elkarketa hiru herrik osatzen dute: Getaria (2.791 biztanle), Aia (2.022) eta Zestoa (3.740). Herrien artean batez beste 18 kilometroko aldea dago, eta Kudeatzaile baten eta Laguntza Judizialeko kidegoko langile baten artean zuzentzen dute.
Herri bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu. Ekonomia arloan, adibidez, Getarian hirugarren sektorea da nagusi; Zestoan eta Aian, aldiz, industria. Populazioaren adina ere, ezberdina da (Getariako populazioa Zestoakoa eta Aiakoa baino zaharragoa da), bai eta langabezia tasa ere: Getarian eta Aian nahiko baxua da -%6,6 eta %5,6 hurrenez hurren- eta Zestoak, berriz, populazio gazteena eta langabezia tasarik altuena du (%11).
Zestoa, adibide
Gaur asteazkena da eta goizeko lehenengo orduan Zestoara iritsi gara, Bake-epaitegiaren bila. Goizeko 9etan herria hutsik dago, eta gizon batek txakurra paseatzen du garbiketa taldeko mutil batek xurgagailu zaratatsu batez kalea garbitzen duen bitartean. Gizonari Bake-epaitegia non dagoen galdetu diogu, baina ez daki ez non dagoen, ez eta zabalik egongo den ere, eta aldapan gora Udaletxera joateko esan digu, han nonbait egongo delakoan. Eta bai, udaltzain batek epaitegia udaletxeko bigarren solairuan dagoela baieztatu digu. Udaletxeko harrera bulegoaren, gizarte laguntzailearen eta alkatearen bulegoaren aurretik pasatu gara, udaletxeko artxibategira iritsi arte: Alde banatan liburutegi zahar eta dotoreak daude, eta erdian batzarretarako mahai bat eta mostradore gisa jarritako bi mahai: lantaldearen asteazkenetako eta ostiraletako lantokia da. Bake epailea ez dago, izan ere, ahal duenean edo eskatzen zaionean joaten da epaitegira: sinatzera, ezkontzera, edo adiskidetzeetara. Gainerako lana bien artean egiten dute.
Gizon bat eserita zain dago, langileetako bat abizen aldaketagatik ziurtagiri eske etorri den bikote batekin ari den bitartean, besteak egin behar dituzten gestioak azaltzen dizkie, Erregistro Zibilari eta Bake Epaitegiari dagokien lana egiteaz gain, erabiltzaileen zalantzak ere argitu behar dituztelako. Gu batzar-mahaian eserita gaude, gelan sartzen eta ateratzen direnei begira, eta tarteka, galderak egiten dizkiegu: astelehenetan eta ostegunetan Getarian egoten dira, asteartean Aian eta asteazken eta ostiraletan Zestoan. Jende aurreko arreta zerbitzua 9:00tatik 14:00 etara dute.
Herriak haien artean administratiboki isolatuta daude
Langileen hitzetan, herri batetik bestera aldatzen egon beharrak baditu bere eragozpenak. Herri bakoitzean egun zehatz batzuetan bakarrik dago bulegoa zabalik, eta gainerako egunetan Bake Epaitegia eta Erregistro Zibila itxita daude; hortaz, gestioak egiteko zain egotera ohitu behar dute herritarrek. Gainera, artxibategiak eta informazioa batetik bestera lekuz aldatzea debekatuta dago; “deitu izan digute –dio beraietako batek- hiru herrietako batean gaudenean eta ezin izan diegu erantzun beste bi herrietako gorabeherez. Adibidez: Zestoan baldin bagaude, ezin dugu Aia edo Getariako kontuez hitz egin ez eta dokumentuak kontsultatu ere. Informatikoki ez daude euren artean konektatuta, eta legalki ere ezin da erantzun. Beraz,deitu izan digute leku batetik bestera izapide bati buruz galdetzeko, baina guk ezin izan diegu erantzun, Zestoan ez baitaukagu Getariako informaziorik, gure oroimena ez bada”. Baina oroimenak ez du horrelakoetan ezer bermatzen,beraz, erabiltzaileek euren herriko bulegoa zabalik egon arte egon behar dute zain.
Bulegoa, bigarren solairuan
Udal bakoitzak lan egiteko modu ezberdina dauka eta ezaugarri diferenteak ditu, adibidez, lantokia. Zestoan udaleko artxiboan dago Bake-epaitegia, udaletxeko bigarren solairuan. Baina Erregistro Zibileko liburuak, faxa eta fotokopiagailua lehenengo solairuan daude, –udaletxekoa erabiltzen dute; hortaz, inork Erregistro Zibilarekin artxibotik lotutako zerbait eskatzen badu, Maiderrek lehenengo solairura jaitsi behar du. Aian, berriz, Bake-epaitegiak bulego propioa du eta erregistroko liburuak ere bertan daude, baina fotokopiagailua eta faxa udaletxean daude.
Teknologia berrien ezarpena ere, lehenago iritsi da leku batzuetara besteetara baino. Esate baterako, Erregistro Zibilen liburuei dagokienean, Udaletxe batzuk artxibo guztiak digitalizatzeko enpresak kontratatu dituzte, eta ondorioz, Erregistro Zibila ere digitalizatuta dago. “Aian, adibidez, digitalizatuta dago eta dokumentuak kontsultatzea eta inprimatzea askoz errazagoa da”, dio kudeatzaileak bulegoko atetik ateratzen den bitartean. Une bat geroago itzuli da, Erregistro Zibileko liburu bat eskuetan hartuta, erabiltzaile baten abizenen grafia kontsultatzeko. “Udaletxearen arabera da, batzuk guztia digitalizatu dute, eta urtero artxibo berriak eguneratzera datorren enpresa bat dator” azaldu du, eta birramonaren abizenaren grafia kontsultatu ostean liburua beheko solairura itzultzera joan da.
Bakoitzaren ardurak
Kudeatzailea bulegoaren arduraduna da eta laguntzaile judizialaren lana jakinarazpenak egitea da, beti ere kudeatzailearen ardurapean. Jakinarazpenei dagokienez, bi saiakera egiten dira, bata postaz eta bestea jakinarazitakoaren egoitzara joanez, eta urrutira joan behar dutenean, baserrietara adibidez, taxiz joaten dira. Komunikazioa lortu ezean, jakinarazpenak barrutiaren burura itzultzen dira.
Baina dituzten ardura horiez gain, askotan erabiltzaileek ez dakite nora jo behar duten eta aholkulari lana egitea ere egokitzen zaie: ezkontzaren eta izatezko bikoteen arteko aldea zein da, nazionalitatea eskatzeko baldintzak zeintzuk dira, ordaindu beharreko tasak… mota guztietako azalpenak ematen dituzte.”Arauak aldatu egiten dira eta jendeak ez daki zein den oraingo egoera, eta guri galdetzen digu” -diote, lanean jarraitzen duten bitartean-. Azalpenak ematen pasatzen duten denbora hori murrizteko, ohikoenak diren izapideei buruzko azalpen-orriak erabilgarriak izango liratekeela gehituz: “etorri, eseri, eta zuk erantzuna eman arte zain gelditzen dira. Gogorra da interneten azalpenak bilatzen ibili behar izatea, are gehiago, erabiltzailea zuri begira badago” diote. “Gainera, online eskaerak ere iristen zaizkigu, eta horiek ere kudeatu behar ditugu. Baina aurrez-aurreko zerbitzuak lehentasuna du, eta ondorioz, egun batzuetan ezin duzu guztia egin. Online eskaerak aurrez aurre jende gutxi duzunean erantzun behar dituzu”.
Gero, oporren kontua dator. Bi langile dira, eta egun libreak hartzen dituztenean, lana pilatzen zaie. “Ordezkapenak daudenean edo oporrak hartzen ditugunean gure ordez etortzen den langileak ez du gure lan osoa egiten; kudeatzailearen ordezkoa sinatzera bakarrik etortzen da, eta laguntzaile judizialaren kasuan ere, ez da inor egoten jakinarazpenak egiteko”, diote. Hortaz, oporrak hartzeak lana etetea eragiten du, eta itzultzen direnean, epaitegiko lana atzeratuta egoten da eta presio handiz ekin behar diote berriz ere, horrek ekar litzakeen ondorioekin.
Epaitegi txikiak, lan kopuru handia
Eskaera gehienak jaiotza eta heriotza ziurtagiriak,familia liburuen kopiak, izen aldaketak eta abizenen grafiaren aldaketak dira. Bake epailea sinatzera , ezkontzera eta adiskidetzera dator.
Epaitegi txikiak dira, hortaz, egindako lana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Zehazki, iaz Zestoan 600 ziurtagiri, 4 nazionalitate espediente, 65 alboko ohar eta 35 abizen aldaketa, familia liburuen kopia eta zuzenketa izapidetu zituzten.
Lehen Bake-epaitegien Elkarketen lana eskukoa eta aurrez aurrekoa zen eta orain online eskabideak eta aplikazio informatikoak gehitu zaizkio, lan-kopurua handituz. Baina Zestoako elkarketako langileek eta telefonoz egin ditugun beste elkarrizketak adibidetzat hartuta, langileek nekaezin jarraitzen dute, korridoreetan alde batetik bestera, eskaileretan gora eta behera, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu egokiena emanaz.
- Bake-epaitegiei buruzko informazio gehiago Justizianeten daukazu.