Epaiketa batean edo auzitegi batean lekuko gisa aitorpena egiteko eskaera jaso baduzu, derrigorrez joan behar duzu eta ezin diozu joateari uko egin, egiaztatutako arrazoirik gabe. Hori bai, lekukotzak eragindako gastuak ordaintzeko eska dezakezu.
Epaiketa zigor-arlokoa bada eta Fiskalak deitu bazaitu, edo instrukzioaren baitan epaileak deitu badizu, kalte-ordaina eska dezakezu eta Justizia Administrazioak bidaia (garraio publikoa), egonaldia eta bazkaria ordainduko dizkizu, hala behar izanez gero. Horretarako, nahitaezkoa izango da ordainagiri guztiak gordetzea eta Justizia Administrazioari eskaera egitea.
Nola egin eskaera?
Orokorrean, Justizia Administrazioaren Letraduak egiten du izapidea. Ordainketa, berriz, Bilbo, Gasteiz edo Donostiako Kudeaketa Unitate Teknikoek egiten dute (EAT). Ordainketa egiteko hurrengoa eskatuko dizute:
- Justizia Administrazioaren Letraduaren ziurtagiria edo lekukotza. Dokumentua ikustaldiaren ostean eska dezakezu.
- NANaren fotokopia.
- Hirugarrenen alta dokumentua (PDF, 281 KB) . Inprimakia JustiziaEus-etik jaitsi dezakezu edo EAT administratiboen bulegoetan eska dezakezu.
- Gastuen jatorrizko egiaztagiriak (tiketak, fakturak…)
ADI: Lekuko gisa aitorpena egitera deitutako norbanako guztiek ez dute ordainketa eskatzeko eskubidea. Adibidez, zibil-arloko lekukoek ezin dute ordainketa eskatu Administrazioari, alderdiari eskatu behar zaiolako. Besteak beste, istripu baten lekuko bazara eta epaiketa batera deklaratzera joan behar baduzu, ezin diozu Administrazioari gastuak ordaintzea eskatu, alderdietako batek ordaindu beharko baititu.