Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Delitu informatikoak: arrasto digitalaren atzetik

Argitalpen-data: 

Antzinako gizartea eta mundu modernoaren arteko mugarria inprenta dela diote adituek; izan ere, informazioa idatziz eta gizatalde handiei helarazteko aukera eman zuen inprentak, eta horren ondorioz, informatzeko eredua errotik aldatu zen.

Harrezkero sei mende luze joan dira, eta gaur egun komunikatzeko bitarteko anitz dauzkagu eskura. Baina bada prozesu horretan, deigarria den zerbait: urteak aurrera joan ahala, asmakizunaren sorrera eta erabilera masiboaren arteko denbora-tartea izugarri laburtu da; hala nola, sei mende behar izan ziren inprentatik ordenagailura iristeko, internet sortzeko hamarkada gutxi batzuk behar izan ziren eta Smartphona eguneroko baliabide bilakatu arte, urte gutxi batzuk besterik ez dira behar izan.

Aro digitalari aurre egiteko neurriak hartu behar ditu Justiziak

Gaur egun, komunikatzeko bitartekoak ziztu bizian eta etengabe berritzen ari dira, eta lehen pentsaezinak ziren hainbat harreman mota, gure artean ohiko bilakatu dira: edonondik eta uneoro telefonoz komunika gaitezke, sare sozialen bidez albisteak partekatzen ditugu, eta enpresako datu guztiak sarean dauden disko gogorretan gorde eta munduaren beste aldean dauden pertsonekin parteka ditzakegu, besteak beste.

Bada, aniztasun horretan murgilduta datoz arrisku berriak ere, eta xantaia, iruzurra eta ebasketak eguneroko jardun bilakatu dira. Azken bi urteotan, adibidez, %40 igo da internet bidez egindako iruzur kopurua EAEn: Ertzaintzak emandako datuen arabera, 2012an 2.561 salaketa jaso ziren, eta 2013an, berriz, 3.592. Etorkizunera begira, berriz, kopuruak gora egingo duela aurreikusi daiteke. Justiziako adituen esanetan, bada nahikoa lan delitu informatiko izendatzen ditugun horiek arautzeko eta epaitzeko; lasterketa horretan, berriz, Justizia herrenka dabil.

Zer da delitu informatiko bat?

Egoera horren aurrean, lehenik eta behin delitu mota horiek zehaztea izan du helburu Justiziak. Horretarako, 2007. urtean Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak Delitu Informatikoak zer ziren zehazte aldera, Delitu Informatikoetako fiskalek zer ikertuko zuten zehaztu zen:
Ordenagailu bat helburu duten edo ordenagailu bidez egindako delituak.
Ohiko delituak, baina horiek egiteko ordenagailu bat erabili bada; adibidez, erasotzaile batek bere biktima mehatxatzeko posta elektronikoa edo sare sozialak erabiltzen dituenean.
Horrez gain, delitu informatikoen fiskalek argitzeko edo ikertzeko informatika ezagutza berezia behar duten auzi arruntak ere ikertzen dituzte.

Horrekin batera, Fiskaltza Nagusiak delitu horiei aurre egiteko egitura sortu zuen: Delitu Informatikoen Zerbitzua. Ordurako, polizia-talde bakoitzak abian jarriak zituen informatikarekin erlazionatutako delituak ikertzeko taldeak. Gaur egun, besteak beste, Ertzaintzak “Informazio teknologietako Delituen Atala” dauka (1998), Guardia Zibilak “Delitu Telematikoen Taldea” (1996), eta Polizia Nazionalak “Delitu Teknologikoen atala”.

Delitu informatikoen aurkako organigrama

“Delitu informatiko” bakoitzak hainbat delitu bil ditzake bere baitan

Delitu Informatikoa ez da, legez, izen horrekin existitzen. Delitu Informatikoen fiskalek ikertzen duten gertaera bakoitzaren atzean, hainbat delitu egon daitezke.

Demagun enpresa batek zerbitzari txiki bat duela; egunero, enpresako langileek –saltzaileek etabarrek- euren ordenagailu eramangarriak enpresako zerbitzarira konektatzen dituzte. Goiz batez, zerbitzaria piztu eta pantailan ingelesez eta errusieraz idatzitako hurrengo mezua azaldu da: “Zuen ordenagailua datu guztiak enkriptatu dituen birus batek kutsatu du. Ez egin datuak berreskuratzeko saiakerarik, ondorioak are okerragoak izango dira eta. Ordenagailuaren kontrola berreskuratu nahi baduzue, bidali itzazue 4.000 dolar Liberty Reserve bankuaren XXX kontura” (Liberty Reserve Costa Rican zegoen banku birtuala zen; egun, itxita dago).

Egoera horren aurrean, enpresak salaketa jarri du eta ikerketa abian jarri da. Hasiera batean, ikertzaileentzat kasua nahiko argi dago: estortsio delitua da -kaltea ez eragitearen truke, dirua eskatzen ari dira-. Hala ere, ikertzaileek gertaera pausoz-pauso aztertu dute, eta hurrengo ondorioak atera dituzte: batetik, estortsioaren aurretik eraso bat egon da. Izan ere, sistemak zituen babesteko akatsez baliatuta, erasotzailea barrura sartu da eta birus bat utzi du. Ondoren, birusak sisteman zegoen informazio guztia kodetu du, mezua utzi du, erasoan emandako urratsak ezabatu ditu, eta ospa egin du. Horrenbestez, estortsio delituaz gain beste bi delitu gehiago daudela ikusi dute: batetik, intrusio delitu bat egon da -sisteman bidegabe sartu dira- (zigor kodearen 117.9.3 artikulua); eta bestetik, kalte delitua egon da -birusak ordenagailuaren edukia kaltetu du- (zigor kodearen 264. artikulua); azkenik, estortsioa dator. Bada, delitu bakarra izatetik, hiru delitu ezberdin aurkitu dituzte ikertzaileek.

Ertzain bat ordenagailuaren aurrean

Delitugilea garaiz harrapatzeko

Informatikaz baliatuz egindako delitu mota ugari dago. Egun, horietako %90 iruzurrak dira eta gainontzeko %10 mehatxuak, beldurrarazteak, irainak, sexu-jazarpenak, adingabeak galbidean jartzeak, sekretuen azaleratzeak eta kaleratzeak, estortsioak eta jabetza intelektualaren aurkako ekintzak dira.

Delitugileek egindako kaltea ikertzeaz arduratzen den Jorge Bermudez Delitu Informatikoen Gipzukoako Fiskalaren ustetan, sarri, oso zaila izaten da delitugileak garaiz harrapatzea. Izan ere, digitalizazioak ahalbidetu duen komunikazioaren abiadura eta prozedura kriminalaren legearen abiadura, ez datoz bat: Delitugileek enpresa bateko datuak bahitu eta egitura informatiko osoa kaltetzeko ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte behar; baina horiek ikertzeko eta epaitzeko prozesuak, berriz, urtebete luze iraun dezake. Ondorioz, batetik, enpresak galera ekonomiko handiak izan ditzake denbora tarte horretan daturik ezin duelako berreskuratu; bestetik, luzapenak ikerketaren aurka egiten du, delitugileari arrasto digitala ezabatzeko denbora emango baitio.

Prozedura Kriminalaren Lege Berria

2012. urtean, prozedura kriminalaren legearen erreformarako batzordea osatu zuen espainiako justizia ministroak. Iragarpenen arabera, Komunikazioaren abiadurarekin eta teknologia berriekin erlazionatutako aldaketa nabarmenak eragingo ditu Lege berriak, baina oraindik orain, aurreproiektua besterik ez da.

Bien bitartean, paper bidezko komunikazioaren eta aro digitalaren arteko abiadura-tarteari ahal duen neurrian tamaina hartzen saiatu beharko du Justiziak.