Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Nekane Erezuma, Salako Agentea Barakaldon: "Sinesgaitza da berrerorleek erakusten duten axolagabekeria"

Argitalpen-data: 

Nekane Erezuma, Salako Agentea Barakaldon: "Sinesgaitza da berrerorleek erakusten duten axolagabekeria"

Zigor arlokoak dira Salako Agente honek  gustukoen dituen epaiketak. Akusatuei entzutea eta gezurretan nor dabilen eta egia nork esaten duen bereizten saiatzea oso entretenigarria da berarentzat. Nekane Erezumak bi alaba ditu; hain zuzen ere, ardura horren ondorioz hasi zen Justizian. Justizian lan egin aurretik urteak eman zituen pedagogia arloan lan egiten, baina karrera profesionala alaben zaintzaz arduratzeko  utzi zuen.  Denbora tarte horretan Justiziako lan poltsetan izena emateko aukera sortu zen. Lan arlo hori erabat ezezaguna zen berarentzat. Beraz, Barakaldoko Justizia Jauregian lan egiten hasi zenean, egoerak gainezka egin zion. Lankideek lagundu zioten eta horri esker lanerako erritmoa azkar hartu zuen; eta gaur egun epaile, abokatu, lekuko eta prokuradoreekin aise moldatzen da.

Nolakoak izan ziren Justizian emandako lehen urratsak?

Oso gogorrak. Alaba txikiak bi urte bete zituenean Barakaldon bitarteko bezala lan egiteko deia jaso nuen. Gogorra izan zen: batetik, urteak neramatzan lan egin gabe, eta bestetik, Justizia arloan ezjakina nintzen. Zorionez, lankideek abegi oso ona egin zidaten eta laguntza handia eman zidaten.  Orain errefortzu postu batean nago eta jarraikortasun handiagoa daukat. Bitarteko langilea zarenean, beti kolokan zaude.  Zenbait kasutan kontratua hileka berritu didate.

Inoiz Justiziako oposaketetara aurkeztea bururatu al zaizu?

Beti aurkezten naiz, Justiziako lan poltsetarako puntu bat ematen dizutelako. Baina oposaketak gainditzeko buru belarri ikasi behar duzu, eta nik bi alaba dauzkat.

Zein da Salako Agentearen betebeharra?

Salako Agente gisa nire arduren artean daude: lekukoei dei egitea, etorri diren ala ez egiaztatzea, etorri direnentzat egiaztagiriak egitea, dokumentuak erakustea, epaiketak grabatzea eta bideokonferentziak egitea…

Nola grabatzen dituzu epaiketak?

Hemen Barakaldon areto guztiak epaiketak grabatzeko eta bideokonferentziak egiteko prestatuta daude. Guztia automatizatuta dago. Ordenagailu batetatik egiten dugu, JustiziaIkus deitutako sistema baten bidez. Egia esan, pasahitza sartu eta botoi sakatu, besterik ez dugu egin behar.

Inoiz ordenagailuaren erruz estualdirik pasa al duzu?

Bai, noski. Batzuetan larri egoten naiz. Batez ere, bideokonferentzia bat egiteko konektatu ondoren, entzuten edo ikusten ez bada. Kontuak atera: epaiketaren erdian zaude eta guztiek zertan ari zaren jakingo bazenu bezala begiratzen dizute. Eta zuk ezinbestekoa besterik ez dakizu, zein botoi sakatu behar den, eta kito. Orduan betiko trikimailua probatzen duzu: Itzali eta berriz piztu! Baina ordenagailua itzali eta berriz pizten duzun bitartean denbora tarte bat pasatzen da, eta aretoan egoten den isiltasuna deserosoa izaten da.

Eta bideokonferentzia egitea lortzen ez baduzu?

Orduan dagokion lan taldeari intzidentziaren berri ematen diogu. Zenbait kasutan telefonoz konpontzen dute, baina beste batzuetan ezin dute egin. Kasu horretan abokatuak lekukoari galdetzeari uko egin diezaioke, edo epaiketa bertan behera gelditu daiteke. 

Zer gertatzen da epaiketa bat bertan behera geldituz gero?

Beste egun batean egiten da. Gogoan dut Salako Agentea den lankide bati denetarik gertatu zitzaiola. Ezin zuten bideokonferentzia egin eta epaiketa bertan behera gelditu zen. Epaiketari berriz ekin zitzaion egunean, berriz ere, ezinezkoa zen areto hartan bideokonferentzia egitea. Beste areto batean probak egin nituen eta bertan sistemak funtzionatzen zuen. Beraz, abokatuak, fiskalak, prokuradoreak, lekukoa, epailea eta langile guztiak beste aretora lekuz aldatu ziren. Eta bideokonferentzia egitea lortu genuenean, lekukoa hitz egiten hasi zenean, suteak iragartzeko alarmak jo zuen. Lekukoa zegoen lekuan jo zuen, eta bideokonferentzia berriz eten behar izan genuen.

Egiaztagirietan epaiketak iraun duena baino denbora gehiago jartzeko eskatzen dizute?

Bai noski, baina ezin dut egin. Demagun epaiketa ordu batean amaitu dela eta nik hiruak arte egon dela jartzen diodala. Gero pertsona horrek egiaztagiria hemen egon dela ziurtatzeko erabili dezake, eta hori gezurra da.

Nolako harremana daukazu abokatu, epaile eta prokuradoreekin?

Guztiekin oso ongi moldatzen naiz . Bueno, abokatuen artean denetik dago. Batzuk bikainak direla uste dute. Adibidez, lekuko bat zein aldetakoa den ez badakizu, etorri den ala ez galdetzera zoaz eta  batzuk larderiaz begiratzen zaituzte eta “ni aurkako aldearen abokatua naiz” botatzen dizute.

Inoiz akusaturen batek beldurra eman al dizu?

Akusatua espetxetik badator, bi ertzainek zainduta egoten da, eta epaiketara deitua izan arte ziegan egoten da. Ziegak eta aretoa barrutik eskailera bidez lotuta daude, eta eskailera horietan denetik entzuten da. Sarritan garrasi egiten dute eta kolpeak ematen dituzte; hori bai, aretoan sartu bezain pronto otzan-otzan egoten dira, inoiz ezer egin izan ez balute bezala, eta “bai jauna/andrea” besterik ez dute esaten. Baina ez dut beldurrik pasatzen, zainduta daudelako.

Salako Agente gisa, zuk duzu lekukoekin, demandatzaileekin eta demandatuekin harreman informalena. Epaiketaren zain daudenean, urduri daudela antzematen diezu?

Oso urduri.  Hori bai, sinesgaitza da berrerorleek erakusten duten axolagabekeria.  Epaiketarik ez dudanean herritarren arretarako bulegoan lan egiten dut, eta batzuetan haluzinatu egiten dut. Zitaziorik gabe datoz, NAN eskatzen diezu eta datuak ordenagailuan sartzen dituzunean, tipoak artxiboan auzi pilo bat dituela ikusten duzu, eta etxean bezala dabilela hemendik.

Eta lekukoak?

Batzuk negarrez hasten dira. Epaiketa batean egotea oso gogorra da.

Zer da lan honetatik gutxien gustatzen zaizuna?

Familiako aretoan egotea, dibortzioak ikustea. Izan ere, normalean epaiketa dute aurretik ez direlako adostasun batetara iritsi, eta seme-alabak tartean daudelako. Entzuten den guztia oso tristea da eta hurrengoa esateko gogoak ematen dizu: ezkontzak funtzionatu ez badu, ez erabili seme-alabak beste aldeari min emateko.

Eta gehien gustatzen zaizuna?

Zigor arloak badauka bere xarma. Batzuetan akusatuaren adierazpenak entzuten dituzu eta lotsagabe bat dela pentsatzen duzu, argi eta garbi gezurretan ari dela antzematen zaiolako. Epaiketa horietan, nolabait esatekotan, ongi pasatzen dut. Entretenigarria da eta eguna berehala pasatzen zaizu.

Zein lan-ordutegi daukazu?

7.30etatik 15.00ra. Baina ordutegi malgua daukat, baita lana eta familia uztartzeko aukera ere. Beraz, lanera 10:00etan sar naiteke eta beranduago atera naiteke, orduak bete arte.

Ordutegi horrekin familia eta lana uztartzea erraza al da?

Antolatzeko eta haurrak eskolara eramateko denbora daukat… bestela ezinezkoa litzateke. Zorionez ongi konpontzen gara, senarra Osakidetzako funtzionarioa da eta berak ere goizez bakarrik egiten du lan.

Zer egiten duzu laneko ardurak alde batera uzteko?

Alde batera uzteko modurik egokiena alabak izatea da. Laneko txartela pasatu eta berehala arratsaldean umeekin zer egingo dudan pentsatzen hasten naiz.

Epaiketaren bat bereziki gogoratzen al duzu?

Bai! Fuet-aren auzia. Zibil arloko demanda bat zen. Gizon batek fuet bat erosi zuen, armairuan gorde zuen, eta egun pare bat geroago fuet-a hartzera joan zenean akaroz josita zegoen. Fueta ekoitzi zuen enpresak sukaldearen desinfekzioa ordaindu zuen, baina gaizki egin zuten. Azkenean guztiek epaiketan amaitu zuten: Fueta saldu zuen supermerkatuak, ekoizleak, eta desinfekzioa egin zuenak. Alde ezberdinetako perituak zeuden eta nik, agente nintzenez, perituen txostenak erakutsi behar nituen. Haietako batek akaro baten argazki handi bat zuela gogoratzen dut. Nazka izugarria ematen zidan zomorro hark. Inoiz ez dut fuetik jan, baina egia esan, alabei erosteko gogoa joan zitzaidan.

Nola amaitu zen guztia?

Hori da lan honek daukan alde txarra. Amaiera jakin gabe gelditzen zara. Epaileari galdetzen ez badiozu, behintzat. Kasu horretan galdetu egin nion, eta epaileak ardura guztien artean banatu zuela jakin nuen. Epaiketen ostean auzia gure artean komentatzea gustatzen zaigu, eta kasu horretan era guztietako iritziak zeuden. Edozein kasutan, etxera iritsi ginenean guztiok gauza bera egin genuen -baita epaileak ere- armairu guztiak ongi begiratu genituen, zomorrorik ba ote zegoen ikusteko.

Epaiketa eta egoera gogor guzti horien ostean, bizitza ikusteko modua aldatu zaizu?

Hara, batzuetan lana bizitzako beste esparruetara eramaten dudala uste izan dut batzuetan. Duela gutxi alaben eskolan urte amaierako jaia egin zen . Bat-batean, lelokeria bategatik ama bat tailer batetako monitore batekin eztabaidan hasi zen, eta gutxika, egoera okertzen zihoan Eta parte hartu nuen: haurren eguna zela eta umeen aurrean mesedez horrelakorik ez egiteko eskatu nion amari. Ziur nago ez nuela horrelakorik egingo Justizian lan egingo ez banu. Kontua da jendeak ez duela ikusten zer nolako ondorioak izan ditzakeen horrelako inozokeria batek. Ez daki nolako gogorra den gero horrelako zerbaitegatik epaitegi batean amaitzea.