Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Juantxu, Bilboko Gordailuko arduraduna: "Imajina ditzakezun gauzarik xelebreenak iristen zaizkigu"

Argitalpen-data: 

Juantxu, Bilboko Gordailuko arduraduna: "Imajina ditzakezun gauzarik xelebreenak iristen zaizkigu"

Gela kutxaz betetako apalez gainezka dago. Juantxu agente judiziala da eta bere lana Bilboko epaitegietako gordailuak zaintzea da; bertan pilatutako guztia txukun edukitzeaz arduratzen da. Ordenarekin obsesioa du; ezaugarri hori oso baliagarria zaio urtero kudeatu behar dituen milaka objektuekin pazientzia ez galtzeko.

Nola iritsi zinen Gordailuko arduradun izatera?

Dekanotzan hasi nintzen lanean, idazkiak egin eta banatzen nituen eta artxiboan ere lan egiten nuen. Hiru urtez horretan jardun ondoren lan hau eskaini zidaten eta baiezkoa eman nien. Primeran nago, lasai. Niretzat presio larregi ziren herritarrak, telefonoa eta ilarak. Hemen nire kasa egiten dut lan.

Baina Gordailua Dekanotzarena da, beraz, lan burokratikoa ere bada?

Bai, Dekanotza bulego burokratikoa da; demandak dagozkien epaitegietara bideratzen ditu, eta Gordailua beste alor burokratiko eta administratibo bat da. Gure betebeharra, gordailu guztiak zaintzea da, epaitegi bakoitzak bere Gordailua izan ez dezan. Epaitegi bakoitzak bere Gordailua izatea ez da praktikoa, deskalabrua litzateke. Izan ere, lehen horrela zen.

Lehen ez zegoen Gordailu bateraturik?

Antzina epaitegi bakoitzak bere Gordailua zuen. Lehen hemen hamar epaitegi zeuden, eta bakoitzak bere frogak eta bestelakoak gordetzeko gela bat zeukan. Bat zenbakikoak era batera gordetzen zituen, bi zenbakikoak beste era batera, hiruak beste batera. Kasu batzuetan atea ireki, gordailua gela barrura bota eta “hor konpon, gero datorrena ahal duen moduan molda dadila” egiten zutela kontatu didate. Hori ez zen sistema egokia, eta azkenean sistema estatu mailan bateratzea erabaki zuten.

Zer nolako gauzak iristen dira Gordailura?

Instrukzioko epaitegietara atestatuen bidez iristen dira objektuak. Objektuak atzematen badira, poliziak ekarri egiten ditu. Denetik ekar dezakete, drogak, su-armak eta dirua izan ezik. Su-armak Guardia Zibilak atzematen ditu, drogak suntsitu egin behar dira eta dirua bankura eraman behar da.

Gauza xelebreak ikusiko zenituen…

Ustez lapurtu dutena edo ustez delitua egiteko erabili dena ekartzen digute: erremintak, palankak, edo ustez atxilotuenak ez diren gauzak: telefono bat, adibidez. Gero, lapurtua ez dela egiaztatzen bada, itzuli egiten da. Edozer irits daiteke. Katana bat edo auskalo, burura etor dakizukeen edozein gauza.

Katana bat?

Bai, arma bat delako. Beisbolerako bateak -kolpeak emateko-, ukabil amerikarrak… denetarik iritsi zaigu. Hain zuzen, orain dela gutxi manifestazio bat egon zen, Madriletik autobusetan etorri ziren, uste dut Albiako lorategietan egon zirela, hemen ondoan. Ba egun horretan etorritakoei atzemandako hamabost edo hogei beisbolerako batez betetako kutxa bat iritsi zitzaigun.

Duela urte batzuk jasotzen zenituen gauza berdintsuak jasotzen dituzu orain ere?

Ez, gauzak aldatuz doazela igartzen da. Adibidez, lehen autoetako irrati-kasete asko iristen ziren, eta heroinaren garaian, adibidez, urrezko kate asko iristen ziren. Lapurtu eta gero saldu egiten zituztela suposatzen dut, garai hartan urrea saltzeko ez baitzegoen identifikatu beharrik. Gaur egun ez da horrelako gauzarik iristen, Gordailu erdia bideo grabaketak jasotzen dituzten cd-ekin eta dvd-ekin beteta dago.

Gordailuan zuk bakarrik egiten duzu lan?

Orokorrean bai. Ostiraletan ikustaldietan dagoen lankide bat etortzen da. Beti dago ikustaldietan, baina ostiraletan ikustaldirik ez dagoenez, laguntzera etortzen da.

Guzti-guztia solairu honetan gordetzen da? 

Ez, solairu honetan 250 metro koadro daude, eta gero beste bizpahiru gela daude, hemen sartzen ez diren gauzak gordetzeko. Gordailu batean furgoneta bat egon daiteke, edo bizikletak, telebistak, eta hemen ez dago horrelakoak gordetzeko lekurik. Beraz, bere tamainagatik edo dena delakoagatik hemen sartzen ez dena, beste gelatxo batean sartzen da, lortuz gero, noski. Hor ere borrokatu beharra dago, baina apurka-apurka gauzak lortzen dituzu.

Lehenengo gauzak gordetzen dituzu, eta hilabeteak edo urteak pasa ondoren, epaiketarako eskatzen dizkizute?

Epaiketetarako gehienetan kamarekin egindako grabazioak eskatzen dituzte. Sartzen diren gauza gehienak grabaketetako cd-ak dira. Epaiketa dagoenean sarritan -ez beti- eskatzen dituzte grabazio horiek.

Ez zaizu inoiz ezer galdu?

Galdu baino gehiago, nahasi egin zaizkit. Ohikoa, hemen utzi behar nuen baina ondoko apalean utzi dut. Batzuetan une berean bost gauza batera ateratzen nago, nahasmen handia egoten da, eta gerta daitekeen zerbait da. Horrenbeste gauza batera ateratzen ari zara, horrela egin behar zenuen zerbait eta beste era horretara egin duzu, non utzi dut? Baina agertzen dira, gauzak eskuz aldatzen direlako egoten dira errakuntzak, baina orokorrean agertu egiten dira.

Pertsona ordenatua zara?

Virgo naiz, ordenazale porrokatua. Etxean bada, sutu egiten naiz. Hemen ez horrenbeste, ez delako gauza bera. Baina bai, “telefonoa horrela utzi badut, zergatik dago okertuta?” esaten dutenetakoa naiz. Maniatiko hutsa naiz. Egia esan horrelakoa izatea baliagarria zait lanerako.

Orduan, gordetzen duzun guztiarekin gogoratzen zara?

Ez, ezinezkoa da. Gauza zehatz batzuekin gogoratzen zara, baina ez, ezinezkoa da. Lankideak etortzen dira eta “ekarri nizun cd hartaz gogoratzen zara?” galdetzen didate. Ba, ez. Urtean milaka ekartzen dizkidate eta! ezinezkoa da gogoratzea. Gauza zehatzak gogoratzen ditut, baina oso zehatzak, berezitasunen bat daukatelako. Labanak adibidez… hainbat iristen dira. Zoramena da.

Zenbatero egiten duzue garbiketa?

Urtean behin epaitegiei eskatzen zaie. Objektuak sartu eta hainbat urte pasatzen dira. Auziak ebatzi eta amaitu egiten dira. Epaia irmoa denean, gauzak suntsitzen has gaitezke. Baina epaitegiek auziak amaitu, itxi eta artxibatu egiten dituzte. Sistemak ez die guztia suntsitzea exijitzen, beraz, gaia ahaztu egiten dute. Eta lau urte pasa direnean, imajina ezazu. Joan den astean guztia suntsitu dugu. Uda ostean epaitegiei jakinarazi genien laurogeita hamar pasatik 2008ko uztailera arte gorde ziren gauza guztiei buruz erabaki behar zutela. Zerrenda bat bidali zitzaien eta beraiek erabaki zuten zeintzuei eman legezko bidea -hau da, suntsitzea, enkantean jartzea edo dagokiona egitea- eta zeintzuei ez. Norbait auzi-ihesean dagoelako, epaia ez delako bete, edo dena delakoagatik gauza batzuk gorde egiten dira.

Nola suntsitzen dira?

Legeak teorian zapalduta suntsitu behar direla dio.

Eta beti suntsitzen dira? Ez al da ezer aprobetxatzen?

Ez, bitxiak adibidez, enkantean jartzen dira. Sasoi batean Gordailua faltsututako marka anitzeko jantziz gainezka egon zen. Orduan, norbaitek pentsatu zuen, zergatik ez dizkiogu GKE bati ematen? Tira, ados. Eta GKEren batek interesa adierazi zuen, eta hara, sahararrentzako orduan, Tindufen kanpamentu bat dago. Baina jantziak faltsututako enpresak eskubide osoa zuen eta baietz esan arren, jantziei markaren ezaugarri guztiak kendu behar zitzaizkiela esan zuen. Orduan, jo ezazu… berrogeita hamar mila galtzari botoiak etab. kendu behar zitzaizkiela. Izapide mota horiek, birziklatzea, berrerabiltzea… oso korapilatsua da.