Menua
Bilatu
justizia.eus
  • Bilatu
Euskadi.eus

Irisgarritasuna Justizian: orekatu beharreko balantza

Argitalpen-data: 

Irisgarritasuna Justizian: orekatu beharreko balantza

Ikusmen edo entzumen arazoak dituzten pertsonen eskubideak zein heinean errespetatzen dira? Eskubide horiek aitortu eta arautzen dituzten Legeak egon badaude, eta zalantza gabe, Administrazioek eredugarri beharko lukete eskubide horien egikaritzan. Arlo horretan EAEko Justizia Administrazioaren egoera zein den ikertu nahian, hiru erabiltzailerekin batu gara, eta gaiaren inguruko hausnarketa egiteko eskatu diegu: Alvarok, Virginiak eta Angelek administrazio arloan eskarmentu handia dute, eta EAEko Justiziaren egoerari ongi baino hobeto hartu diote neurria.

Alvaro Ortega Euskadiko Gorren Elkarteen Federazioko presidentea da. Justizia Administraziora duela 15 urte jo zuen lehendabiziko aldiz,eta ordutik hona Justizia arloan egondako aldaketari buruz duen iritzia azaltzeko, urte hauetan bizi izandako egoerak kontatu dizkigu: 17 urte zituenean, diskoteka baten atarian izandako istilu baten ondorioz jo zuen lehendabiziko aldiz epaitegira, bere lagun taldearekin batera . Gorrak zirela aitzakiatzat jarrita, harrerako langileak sarrera debekatu zien, eta Alvarok eta bere lagunek diskotekako jabearen kontrako salaketa jarri zuten Bilboko epaitegian, jarrera hark diskriminatu egiten zituela argudiatuz. Epaiketaren eguna iritsi zenean, baina, egoera paradoxikoa izan zen: epaitegian ez zegoen zeinu hizkuntzako interpreterik, eta Alvarok eta bere lagunek ezin izan zuten epaiketan azalpenik eman. 1993. urtean ez zegoen pertsona gorren eskubideak aintzatesten eta arautzen zuen legerik. Hala ere, prozesuak aurrera jarraitu zuen eta frogak oso nabariak zirenez, epaileak arrazoia eman zien eta diskotekari isuna jarri zioten

Bigarren aldian ere egoera berdinarekin egin zuen topo. Bederatzi urte beranduago, 27/2007 Legea onartuta zegoen (Urriaren 23ko 27/2007 Legea, Espainiako zeinuen hizkuntzak aintzat hartzen dituena eta gorren, entzumen-urritasunen bat dutenen eta itsu-gorren ahozko komunikazioari laguntzeko baliabideak arautzen dituena (leiho berri batean irekitzen da)). Teorian, ez zuen epaitegian deklaratzeko arazorik izan behar. Baina Alvarok laneko arazo bat zela medio jo zuen epaitegira, eta Legeak zuen gabezietako batekin aurrez-aurre egin zuen topo: epaitegietan interprete zerbitzua bermatzen zen, baina Zigor arloan eta Zibil arloan bakarrik: Lan arlorako ez zegoen interpreterik. Egoera horren aurrean, bere eskubideak eta jaso zezakeen kalte-ordaina jokoan zeudenez, Alvarok zeinu interpretea bere poltsikotik ordaintzea erabaki zuen. Epaileak interprete pribatua onartu zuen eta Alvarok bere ikuspuntua adierazi ahal izan zuen epaiketan.

Harrez gero Legeak aldaketa gehiago ekarri dituela eta gauzak asko hobetu direla uste du Alvarok. Gaur egun, EAEko Justizia Administrazioan arlo guztietan –Zigor-, Zibil- eta Lan-arloan eska daiteke zeinu interprete zerbitzua. Epaitegira bertara joan eta eskaera epaitegiko administrazioko langileari egin behar zaio, eta hortik aurrera epaitegi barruko administrazioa interprete zerbitzua kontratatzeaz arduratuko da. Zerbitzua doakoa da erabiltzailearentzat eta Justizia Administrazioa arduratuko da prozedura guztia kudeatzeaz.

Hala ere, Alvaroren hitzetan, zerbitzua eskatzeko orduan gauzak hobetu daitezke. Erabiltzaile gor askok ez daki zerbitzua epaitegiak berak eskaintzen duenik eta interpretea eskatzera Federaziora jotzen dutela azpimarratzen du.

Virginia Revuelta interpretea

Virginia Revuelta zeinu hizkuntzaren interpretea da, urte asko daramatza lan horretan eta esperientzia zabala du bai epaitegi barruan zein kanpoan ere. Justizia arloari dagokionez, gainontzeko arlo publiko eta pribatuetan ematen den egoera bera Justizian ere eman ohi dela adierazi digu. Pertsona gorren eta gormutuen eskubideak bermatzeko orduan, bitasuna dagoela uste du: batetik Legeak zeinu interpretea izateko eskubidea bermatzen du, baina bestetik, Justizia Administrazioaren lanerako martxak eta pertsona gor eta gormutuen testuinguruaren ezagupen ezak zeinu interpretearen lana baldintzatzen dute.

Egoera zertan den ulertu ahal izateko, lehenik eta behin interpretearen lana zertan datzan ulertu behar da. Izan ere, hainbat prozeduratan interpretearen funtzioa itzultzaile huts izatetik haratago doa; interpreteak ez du hitzez-hitz itzultzen, bere lana epailearen, abokatuaren, lekukoen, akusatuaren… adierazpenak, ezintasuna duen pertsonari ulertarazteko moduan adieraztea da. Virginiaren hitzetan, epaiketa batean egoteak interpreteari tentsio asko eragin diezaioke, beste gauza batzuen artean, gorra edo gor eta itsua den pertsona bakoitza ezberdina delako, eta terminologia juridikoa pertsona horrek ulertzeko moduan interpretatu behar duelako. Horri, ordura arte elkarrekiko harremanik ez dutela izan gehitu behar zaio, eta are gehiago: bezeroaren maila kulturalak, sozialak, hezkuntza mailak… etabar luze batek ere interpretazioa baldintzatzen du. Batzuetan bezeroaren irakurtzeko gaitasuna mugatua da, buruko gaitzen bat du, zeinuak eta ahozko hitzak tartekatzen ditu, edo ezagutzen duen zeinu hizkuntza zaharkitua dago edo beste herrialde batekoa da (lurralde bakoitzak berezko hizkuntza du). Horregatik, zenbait kasutan aurretiaz hitz batzuk zein zeinurekin adierazi adostu behar izaten da, eta kasu batzuetan, termino bat adierazteko interpreteak lau, bost edo zeinu gehiago erabili behar izatea gerta daiteke. Adibidez, “izapidetu” terminoa esistitzen bada ere, interpretatzeko orduan lau, bost, edo zeinu gehiago erabili beharko lituzke: “papera, horia, bulegoa, aurkeztu” (beti ere papera horia bada eta bulego batean aurkeztu behar bada).

Zeinu hizkuntza erabili

Zeinu interpreteak belarritik sartzen zaion guztia eskuetatik adierazi behar duela dio Virginiak: “epaiketan gaudenean norbaitek atean danbatekoa ematen badu, edo anbulantzia baten sirena hotsa entzuten bada, adibidez, gertaera hori ere zeinu bidez adierazi behar dugu. Ez egitekotan, pertsona gorrari informazioa falta zaio, ez daki, adibidez, zergatik epaiketaren erdian jende guztiak leihotik begiratu duen”. Soinuak, beraz, testuingurua ulertzen laguntzen dio norbanakoari, baina agi denez, entzumen arazorik ez dugunok ez omen dugu beti hori ulertzen. “Kasu gehienetan prozedura ahalik eta azkarren amaitu nahi da, eta zeinu interpretearen lanak, nahiz eta une berean egin, laneko erritmoa moteldu egiten du”, gaineratu du Virginiak. Horrelako egoerak Ezagupen ezaren ondorio direla uste du.

Hala ere, urteen eta esperientziaren poderioz administrazioko langile askoren jarrera aldatu egin dela uste du Virginiak: interpreteen presentzia normaldu delako, batetik, eta bestetik, profesionalei emandako azalpenen eta eguneroko tratuaren bidez, egunez egun, lan handia egiten ari direlako.

Administrazioko langile itsuak

Angelek bastoia eta eskuko telefonoa ditu lagun, biak dira ezinbestekoak berarentzat, hirian eta eguneroko bizitzako esparru ezberdinetan bere kabuz moldatu nahi badu. Bastoiak leku batetik bestera mugitzeko balio dio, telefonoa berriz, teknologia berrien gizartean murgiltzeko erabiltzen du. Teknologia berriek berarentzat suposatu duten onura azpimarratu digu, eta abilezia handiarekin posta elektronikoan dituen mezuak, web atariak … instalatutako programa baten bidez telefonoak “irakurri” egiten dizkiola erakutsi digu. Arrazoi horregatik web atariak irisgarriak izatea itsuak diren pertsonentzat oso garrantzitsua da. EAEko Justizia Administrazioarekin arlo horretan oso pozik dago. Justizia.net web ataria guztiz irisgarria dela, eta itsuak diren pertsonek, atal ezberdinetatik zailtasun gabe nabigatu dezaketela azpimarratu du. (Web atari bat irisgarria da, bertan dauden eduki guztiak ezintasun fisiko, intelektual edo teknikoak dituzten norbanakoentzat eskuragarriak direnean; Angelen kasuan, adibidez, web atariko irudiak testu bidez esplikatuta egon behar dira, irakurleak testuak irakurri ditzan).

Angel Administrazioan lanean hasi zen lehen pertsona itsua izan zen. Egun jubilatuta dago, baina Euskadiko Administrazioak berarekin izan duen jarrera zuzena eta egokia azpimarratu du. Oposaketak gainditu eta urte askotan Bitartekaritza, Arbitraje eta Adiskidetze Zerbitzuko abokatu izan zen (lan-arazoak daudenean, langile eta enpresen arteko akordioak adosteaz arduratzen da zerbitzua, epaitegietara jo behar ez izateko). Administrazioak lanerako behar zituen bitarteko guztiak jarri zituen bere esku: iraupen luzeko magnetofoi-grabagailua, braille idazteko aparatua… Berarekin lan egiten zuen laguntzailearen jarrera positiboa ere gogoan du. Azken horrek, adiskidetzeak bideratzeko irakurri behar zituen txostenak grabatzen zizkion, gero berak entzun eta azter zitzan. Abokatu gisa epaitegietara joan behar izan duen guztietan berarekin izandako tratua egokia izan dela deritzo. Epaiketan bertan azken orduan iritsitako idatzizko frogak zirela eta, berak irakurri ezin zituenez, epaile batek edo bestek irakurri egin izan dizkiola aipatzen du. Baina Angelen ustetan, ikusmen urritasuna duten pertsonei beren kasa aritzeko bitartekoak eskaintzea da Administrazioaren betebeharra. Gaitasunen bat faltan duten norbanakoek inoren laguntzarik gabe euren kasa aritzeko gaitasuna garatu nahi dute, helburua hori izan behar da, eta administrazioak horretan eredugarri izan behar du. Itsuak diren pertsonen kasuan, bere hitzetan, bitarteko teknologikoak egokitu behar dira batetik –web atariak irisgarriak izatea, adibidez- eta espazioan euren kasa mugitu ahal izateko bitartekoak jarri behar dira, bestetik.

Azken aldarrikapen honi dagokionez, ikusmen urritasuna duten norbanakoek, espazio fisiko berri batera sartzen direnean, buruan leku horren “mapa” egin behar dutela azaldu digu, eraikinetan kartelak braillez idatzita egon arren, leku batera estreinako aldiz doazenean orientatzeko laguntzaile baten beharra izaten dute: gelak, pasabideak, eskailerak, igogailuak…non dauden ikasi ahal izateko. Hortik aurrera, euren kabuz moldatu daitezke. Orokorrean ohikoena Justizia Administraziora abokatu eta prokuradorearekin joatea da, baina badaude horiek gabe egin daitezkeen izapideak –orientazio juridikoa eskatu, doako justizia…-Kasu horietarako laguntzaile bat jartzea proposatzen du Angelek: telefonoz edo internet bidez zita eskatu ahalko balitz, erabiltzaileak zalantzak galdetu edo laguntzailearekin zita eguna lotu ahal izango luke, eta hartara, norbera bere kasa moldatzeko aukera areagotuko litzateke. Alvaro eta Virginia iritzi berekoak dira: erabateko autonomia gauzatzeko, eskura dauden baliabideak iragarri behar direla eta horiek telematikoki edo telefonoz eskatzeko aukera izatea ere garrantzitsua dela uste dute.

Barroeta Aldamar eraikina

27/2007 Legea (leiho berri batean irekitzen da) duela bost urte jarri zen indarrean, eta harezgero Justizia Administrazioan hainbat gauza aldatu direla baieztatu dugu: besteak beste, egun zeinu hizkuntzako interpretea arlo guztietan –Zigor, Zibil eta Lan arloan- eskatzeko aukera dago eta web irisgarritasuna bermatuta dago. Aitzitik, ezintasunak dituzten norbanakoak euren kasa moldatzeko aukera, autonomoak izatekoa, alegia, motz gelditzen dela ikusi dugu: erabiltzaileen ustetan, zeinu interprete zerbitzua modu deigarrian iragarri eta ikusteko arazoak dituzten erabiltzaileentzat laguntzaile zerbitzua jarri beharko litzateke.

Herritar guztiek aukera berdintak izan ditzagun eta aurrerapena, ongizatea eta aukera berdintasuna hobetzeko, Euskadiko Justizian, beraz, bada oraindik zer landu eta zer hobetu. Azken finean, gizarteak aurrera egiten duen heinean, administrazioa eta zerbitzuak eguneratzea eta hobetzea ezinbestekoa baita.