Auzokideen artean bitartekari lana egitea zen kezka gehien eragiten ziona Eduardo Pérez Uriarteri, duela hamar urte Etxebarriko bake-epaile izateko aurkeztu zenean. Gaur arte, ezagunak ezkondu ditu, lagunen arteko epaiketak egin ditu eta adiskidetze- ekitaldietan bitartekari lana egin du. Azken horretan alderdietako bat bere laguna zen.
Nola prestatu zinen bake-epaile izateko?
Ez nintzen prestatu. Lanpostua argitaratu zuten, aurkeztu egin nintzen, eta hartu egin ninduten. Lanpostu honetan nagoen hirugarren aldia da. Guztira bederatzi urte daramatzat lan honetan eta beste hiru gelditzen zaizkit, oraingoa azkeneko aldia izango delako. Badaukat jubilatzeko adina! Egia esan, aurretik jubilatua nengoenez familiak mandatuekin aurrera eta atzera ibiltzen ninduen, “zuk egin ahal duzu”, “egidazu gestio hau"… beraz, lanpostua atera zenean ez nuen luzez hausnartu. Eta hara, “sentitzen dut, badakizu epaitegian nagoela” esateko balio izan dit.
Bake-epaile izateko ez da zuzenbidean lizentziatua izan behar, baina beharrezkoak al da Justizia ezagutzea?
Bake-epaile izan nahi baduzu eta Zuzenbidean lizentziatua bazara argi dago aukeratua izateko aukera askoz gehiago dituzula. Ni oso gazte aurre-jubilatu nintzen. Banku bateko zerbitzu juridikoetan lan egiten nuenez, banuen arlo judizialaren - prozesalarena zehazki – gutxieneko ezagupena . Hala ere, sasoi hartan horrek ez zuen garrantzia handirik, ez zirelako orain bezala falta-judizioak egiten. Baina bazuen Justiziarekin nolabaiteko lotura.
Duela urte batzuk Etxebarri Bizkaiko jaiotza-tasa handiena duen herria da. Zenbat jaiotza-inskripzio egiten dituzu astero?
Hilero hamar jaiotza inskribatzen dira, gutxi gorabehera. Kontuan hartu behar da Etxebarriko eremu handi bat eraikuntza berriz osatuta dagoela, ondorioz, gazte asko eta jaiotza asko daude. Urteko sasoiaren baitan ere aldea badago.
Sasoiaren arabera?
Bai. Orain datorren garai honetan, apiriletik irailera, ez dakit zergatik baina jaiotza gehiago izaten dira. Nire familian, adibidez, guztiok martxoa eta iraila artean jaiotakoak gara.
Bake-epaitegi honetan gehien egiten dena jaiotzak inskribatzea al da?
Ziurrenik bai. Nahiz eta ezkontza asko ere badauden. Iaz 30 ezkontza izan genituen, eta hori, herrira bizitzera datozen gehienak dagoeneko ezkonduta datozela ere. Bestela, ikaragarria litzateke. Jaiotza-tasarekin gertatzen den egoera errepikatuko litzateke.
Horrenbeste jaiotza badaude, mota guztietako izenak entzungo zenituen…
Gaur egun zaila da lehengo izenekin topo egitea. Adibidez, ez dut Antonio edo Eduardo izeneko haurrik ezagutzen. Izen batzuk benetan ahoskatzeko zailak dira. Oraindik oroitzen dut guraso batzuei Errusiako Kontsulatuaren egiaztagiria eskatu behar izana.
Zein da Bake-epaitegi honetan gehien egiten den galdera?
Jendea ez da hona galdetzera etortzen. Orokorrean inork ez du pentsatzen “hara, Epaitegira noa hau edo bestea galdetzera!” Nolabait hona etorri behar dutela dakitelako etortzen dira. Egia da jendeak nahastu egiten dituela udaletxean eta bake-epaitegian egiten diren izapideak. Batzuetan udaletxera joaten dira jaiotza ziurtagiriak eskatzera (izapide hori bake-epaitegian egin behar da). Alderantziz ere gertatu izan da, Epaitegira datoz errolda-ziurtagiria eskatzera eta udaletxera bidali behar izaten ditugu.
Ziurtagiriak online eskatzen dituzte ala epaitegira datoz eskatzera?
Online eskaerak gehiago direla imajinatzen dut, baina nik ez dut horrelakorik antzeman. Egia esan online den guztiak atzeraka botatzen nau. Kontuan izan behar da Etxebarri herri bat dela, guztia gertu dago eta ez da oso urrutira joan behar eskaera egiteko.
Esparru judizialean aldaketa asko gertatzen ari da, eta horietako batzuek bake-epaitegietan eragina izan dezakete: lanpostua galtzeko beldur zara?
Horrek ez dit apenas eragingo, beste hiru urtez bakarrik egongo naizelako. Epaitegiaren zerbitzuari ez dakit nola eragingo dion. Bake-epaitegiak desagertzen badira pena handia sentituko dut, baina ez bake-epaile naizen aldetik, herritar naizen aldetik baizik; izan ere, hori gertatzen bada, edozein izapide egiteko mugitu egin beharko naiz.
Zure arduretako bat falta-judizioak egitea da. Ezagunen bat epaitu behar izan duzu?
Hori de espresuki, epaiketa arloa orokortzen hasi zenean, antzeman nuen arazoetako bat: pertsona ezagunak epaitu beharko nituela. Gertatu izan zait, baina ez da arazorik egon.
Lana eta bizitza pribatua bereizteko gai izan al zara?
Iaz izan zen adiskidetze- ekitaldi bat gogoratzen dut. Parte hartzaileetako bat nire laguna zen, bestea, aldiz, ez nuen ezagutzen. Nire ezagunak egoera ezerosoan jarri ninduen, hitz egiten zuen bakoitzean niri begiratzen zidalako “ez da ala, Eduardo?” esango balu bezala keinuak eginaz; azkenean esan egin behar izan nion, “barkatu, niri ez galdetu. Zuen artean hitz egin behar duzue. Nire ardura bakarra, adostasun batera iritsi zareten ala ez esatea da”.
Zer da zure lanbidetik gehien gustatzen zaizuna?
Politena ezkontzak dira. Gehien asetzen zaituena. Jendea eguna gozatzera datorrela ikusten duzu. Homosexualen arteko ezkontza bat bereziki gogoratzen dut, gauza berria zelako niretzat. Nork esango zidan niri gizon biren arteko ezkontza bat egingo nuenik. Ekitaldian, senideen artean, gozotasuna antzeman nuen; ez dut beste ezkontza batzuetan horrelakorik ikusi. Egia esan inpresio handia eragin zidan.
Nola prestatzen dituzu ezkontzak?
Beti zerbait berezia egiten saiatzen naiz. Batzuk izapidea egitera bakarrik datoz, baina bikote batzuk beste ilusio batekin etortzen dira, betiko jantziekin. Orduan, noski, zerbait berezia egin nahi duzu. Izan ere, ezkontzak oso laburrak dira, bost minutu eskas irauten dute.
Amaitzeko, zer da bake-epaile izatetik gutxien gustatzen zaizuna?
Egia esan, ez dakit. Beharbada epaiketen kontua, arazoak izan ditzakezulako. Momentuz ez dut arazorik izan, baina egunen batean izateak kezkatzen nau. Epaiketa bat izatea eta tipo lotsagabe horietako bat etortzea.