Menua
Bilatu
justizia.eus logoa
  • Bilatu
Euskadi.eus

Sonia Garbisu, Erregistro Zibileko Idazkaria: "Erregistrora datozen gehienek pazientzia handia daukate"

Argitalpen-data: 

Astelehena da eta Bilboko Erregistro Zibilean Sonia nazionalitatea eskatu dutenei elkarrizketak egiten ari da. Azkenekoaren ostean irribarretsu hartu gaitu. Soniak 9 urtez dihardu idazkari lanetan eta 7 Erregistroan lanean. Mahai gaineko dokumentu piloak egunean zehar jende askorekin hartu emana izatera ohituta dagoela adierazten du.

Zenbat jende pasatzen da egunero Erregistro Zibiletik?

Leihatilaren arabera izaten da, baina jende gehien, zalantzarik gabe, ziurtagirien eta bizi –agiriaren leihatilan egoten da. Leihatila horretan egunero berrehun pertsona baino gehiago artatzen dira.  Beste hiru leihatilei dagokienez, berriz, ezkontzen leihatilatik egunero bataz beste 70 pertsona pasatzen dira; espedienteen leihatilan gehien eskatzen dutena nazionalitatea da –egunero hamar –hamabost bat pertsona elkarrizketatzen ditugu – eta jaiotzak inskribatzeko leihatilan bataz beste 20 pertsona; hori bai, azken honetan astelehenetan kopurua bikoiztu egiten da asteburuan jaiotakoak inskribatzera etortzen direlako. 

Beraz, egunaren arabera da

Bai, eta urteko garaiaren arabera. Bizi-agiriak, adibidez. Abendua amaieran eta urtarrila hasieran eskatzen dituzte gehienbat. Kontua zera da, jubilatuta dauden pertsona guztiek, edo alargunek, edo gizarte segurantzako pentsioa jasotzen dutenek edo aseguru bat dutenek  bizirik daudela ziurtatu behar dutela eta epe-muga urtarrila izaten da.Beraz, urtarrileko lehenengo astean ikusiko duzun ilara ikaragarria izango da. Ekaina-uztaila garaian ere atzerrira bidaiatzeko seme-alaben NAN-a ateratzen du guraso askok eta garai horretan jaiotza ziurtagiri asko eskatzen dituzte.

Eta ondorioz batzuetan ilaran egotea tokatzen zaigu…

Erregistrora datozen gehienek pazientzia handia daukatela uste dut nik. Egunean zehar 400 pertsona inguru pasatzen da hemendik eta urtean ez dugu 10 kexa baino gehiago jasotzen. Nire ustetan pazientzia handia daukate, lan egiten dugula ikusten dutelako. Arazoa lan asko daukagula da. Gaur egun gauza askotarako eskatzen dituzte jaiotza ziurtagiriak eta bizitza-ziurtagiriak, eta nazionalitate eskaerek ere lan handia eragiten digute. Ezkontzak ere asko gehitu dira jende gaztea epaitegian edo udaletxean ezkontzen delako, guztiak ez, baina gehienak bai. Bigarren aldiz ezkontzen direnek ez dute beste aukerarik, atzerritar gehienak ere hemen ezkontzen dira, eta homosexualen eta lesbianen ezkontzak ezin dira elizan egin. Horren guztiaren ondorioz eskaerak ikaragarri gehitu dira.

Jatorri ezberdinetako pertsonei ere zerbitzua eskaintzen diezue. Zein hizkuntzatan ulertzen duzue elkar?

Ezkontzetako leihatilan gertatu izan da bi Nigeriar ezkontzera etortzea eta bietako batek ere ez hitz egitea ongi gaztelaniaz. Nazionalitatea eskatzeko leihatilan ez da horrelakorik gertatzen, eskakizunetako bat hizkuntza ezagutzea delako.

Eta nola konpontzen duzue arazoa?

Interpretearekin. Etortzen direnean zein hizkuntzatan ezkondu nahi duten aukeratzen dute. Izapidea hasteko gaztelaniaz dakien lekuko batekin etorri behar dira. Normalean bikotea lagun batekin etortzen da eta lagunak eskatzen du interpretea beraien izenean.

Zein da gehien eskatzen duten hizkuntza?

Ingelesa.

Ez al da nekagarria horrenbeste pertsonari arreta eskaintzea?

Nik lana gustuko dut, herritarrekin gertutasun handia daukazulako. Askok eskertzen digu egindako lana. Laguntza asko eskertzen dutenak, batez ere, adinekoak dira. Kontutan hartu behar da egiten ditugun izapideak azkarrak direla, arlo guztietan, ez beste leku batzuetan bezala. Gurean emaitza berehalakoa da eta pertsona gehienek asko eskertzen dute hori. Ezkontzak ere oso politak dira, ilusio handiko unea da. Batez ere homosexualen edo lesbianen arteko ezkontzak oso hunkigarriak dira niretzat, erlazio luzeak dituzten pertsonak ikusten dituzulako. Ezkontzeko zenbat sufritu eta borrokatu behar izan duten ikusten duzu. Haur jaioberria inskribatzera datozenean ere, poz- pozik etortzen dira. Inprimaki batzuk dauzkagu, eta eman behar dituzten pausu guztiak zehazten dira bertan. Hunkituta etortzen dira… nahiz eta batek jakin nola amaituko duten! Guk soilik alde politena ikusten dugu.

Zein izen jartzen dizkiete haur horiei? 

Mutikoentzako aukeratzen dituzten izenak betikoak dira: Asier, Unai, Mikel, Jon. Neskatilentzako berriz Irati, Naroa… gaztelaniaz Alba, Sara, Alvaro, Alejandro… antzinako izenik ez. Begoña adibidez, batere ez. Ezta Pedro, Pilar edo Maria Jose ere. Gehienek izen euskalduna aukeratzen dute, etorkinek ere bai. Horiek bi izen jartzeko ohitura daukate, eta normalean izen bat euskaraz eta bestea beraien hizkuntzan jartzen dute.