Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi

Abizenak aldatzea motako ohiko galderak

Nire gaur egungo bikoteak, adinez nagusi diren nire seme-alabak adoptatzen baditu, hildako amaren abizena galduko dute?

Adopzioan hartzeko prozedura bete eta inskripzioa gauzatu ostean, adopzioan hartutako seme-alabek bi hilabeteko epea dute aurreko abizenei eutsi edo berriak hartzeko erabaki dezaten.  Era horretara, seme-alabak adingabeak zein adin nagusikoak izan, adopzioan hartzen dituztenean aurreko abizenei eusteko aukera dute, horrela adieraziz gero.

Gora itzuli

Nire abizenen grafia eta ordena izapide bakarrean aldatu ditzaket?

Bi agerraldiak egun berean egin ditzakezu. Adibidez, Erregistro Zibilera joan eta egun berean abizenaren grafia euskaraz jartzeko eskaera eta abizenen ordena aldatzeko eskaera egin ditzakezu, prozesuak ez baitaude elkarri lotuta.

Gora itzuli

Nire abizenak aldatu nahi ditut. Nola egiazta dezaket NAN agirian ez bezala idazten ditudala?

Abizenak aldatu nahi badituzu inskribatu nahi dituzun abizenak erabili ohi dituzula eta abizen horiekin ezagutzen zaituztela ziurtatzen duten zenbait dokumentu aurkeztu behar dituzu.  Besteak beste, dokumentu hauek aurkez ditzakezu: fakturak, liburutegiko txartela, polikiroldegiko txartela, posta elektroniko helbidea, lagunen arteko posta-trukea… Hori bai, dokumentu horiek zure eguneroko bizitzan abizen horiek duela denbora dezente erabiltzen dituzula egiaztatu behar dute. Ez du balio, adibidez, abizen aldaketa eskaera baino aste bi lehenago egin duzun liburutegiko txartela aurkezteak.

Gora itzuli

Nire abizen katalanaren grafia zuzendu nahi dut. Izapidea EAEn egin dezaket?

Bai, zure abizen katalanaren grafia EAEko erregistro zibiletan eta bake-epaitegietan alda dezakezu. Abizena idazteko modu zuzena zein den egiaztatzen duen  dokumentu ofizial bat aurkeztu behar duzu (adibidez, Euskaltzaindiak igorritakoak bezalakoa).

Gora itzuli

Nola jar naiteke harremanetan Erregistro Zibil batekin?

Justizia Administrazioak Euskadin dituen zerbitzuetako telefono, helbide, fax eta posta elektroniko guztiak aurki litezke JustiziaEus-eko herritarrentzako arreta atalaren bitartez. Erregistro Zibiletan, normalean, honako hau izaten da jendea hartzeko ordutegia: 09:00etatik 15:00etara.

Gora itzuli

Zer egin dezakegu euskal abizen baten idazkera zuzena ezagutzeko?

Euskaltzaindiaren webgunean abizen-bilatzailea daukazu, eta han kontsultatu ahal izango duzu abizen horren idazkera zuzena.
Sartu Euskaltzaindiaren abizen-bilatzailean.

Bilatzaileak ezin badu aurkitu zuk nahi duzun abizena, Euskaltzaindiarekin zuzenean harremanetan jarri beharko duzu.

Gora itzuli

Nire seme edo alabari ipini al diezaioket nire bigarren abizena bere lehenengo abizen bezala, nire abizenen ordena aldatu gabe?

Ez. Amaren edo aitaren lehenengo abizena izan behar da ezinbestez semearen edo alabaren lehenengo abizena. Umearen lehenengo abizena amaren edo aitaren bigarrena izatea nahi bada, aurrena hauek euren abizenen ordena aldatu beharko dute.

Gora itzuli